INFO
Entrevue
Oier Aranzabal
Zinegilea eta musikaria

«Artista izatea ez da behin hartzen den erabakia, egunero berritzen den botoa da»

«Margolaria» ez da Mikel Urdangarinen gaineko dokumental bat. Musikari zornotzarraren pausoei segika, sortze prozesuaren gaineko gogoeta egin eta artistaren atzean dagoen pertsona erakustea ahalbidetzen duen dokumentala da, Oier Aranzabalen lehena.

Juan Carlos RUIZ | FOKU

Nola abiatu zen proiektua?
Banuen artistaren bizitza kontatuko zuen dokumental bat egiteko gogoa. Santanderren, Alain Urrutiaren erakusketa batean egin genuen topo Mikel Urdangarinekin eta handik atera zen berarekin egiteko aukera, baina haseratik eduki dut garbi ez zela Mikel Urdangarinen inguruko dokumental bat izango: berak proiektatzen duen hori hartu eta kontatu nahi nuen, bere alde on eta txarrekin, iruditzen baitzait askotan artistak abordatu izan direla asko begiratuta foko azpiko kontuei. Gure kasuan Mikel bidea da, Mikelek eramaten gaitu sorkuntza prozesura eta beste artista batzuetarako bidea irekitzen digu.

Artista horien eguneroko bizitzetan sartu zara eta denek antzerako bizipenak dituztela geratzen da agerian.
Mikeli jarraipena egin genion “Margolaria” diskoa oraindik disko ez zenean, bere bizitza dokumentatzen hasi ginen eta bide horretan topo egin dugu hainbat artista, arazo eta problematikarekin, eta konturatu gara artista gehienek konpartitzen dituztela hainbat kontu: artetik bizitzeko erabakia bera modu antzeko batean hartu dute gehienek, denek izan dute borroka bat bere familiarekin estigma bat badagoelako artetik bizitze horretan eta, gero, ikusi dugu baita ere ez dela erabaki bat behin hartzen dena, baizik eta egunero berritzen den boto bat dela artista izatea.

Alde gizatiar hori bildu duzue lanean. Erraza izan da horraino iristea?
Mikelen bidez, etxera itzultzen ikusi ditugu musikariak, guk bezala 24 ordu bizi behar dutela ikusi dugu, artista guztiek antzeko arazoak dituztela eta, bai, azpimarratu egin nahi izan dugu B alde hori, ez bakarrik fokuen pean daudenean ikusten dugun A aldea. Eta hori erakutsi ahal izateko Mikelek hartu duen jarrerak pisu handia izan du.

Proiektuaren erdigunean egonda, nola eraman du Mikel Urdangarinek prozesua?
Ba egia esan modu oso natural batean. Haseratik utzi digu nahi genuen modura lan egiten eta, bere bizitzan horren sartuta egon garenez, iruditzen zait azkenean desagertu ere egin garela eta horrek ahalbidetu digula errealitate horiek filmatu ahal izatea. Bere etxera sartzen utzi digu, bere familiako ateak ireki dizkigu, hori zor diogu Mikeli.

Ibilbide luzeko artista da. Nola egin duzue abestien hautaketa?
Hau ez da Mikelen dokumentala, baina bada Mikelen dokumentala. Zaila da azaltzen. Ez da zaleei begira egindako lan bat, ez dugu pentsatu abesti batzuk derrigor sartu behar genituenik, beste neurri batzuk kontuan hartuta hautatu ditugu, batez ere sortze prozesuaren osotasuna azaldu nahi genuelako: ideiak sortzen diren momentua, entseguak, estudioa, kontzertuen entrega eta, gero, jendeak abestia bere egiten duen garaia. Eta hori osatzen saiatu gara bere abestien bidez. Hamaika kontzertu grabatu ditugu eta pelikularen onerako izango ziren abestiak hautatzen saiatu gara.

Zure lehen luzemetraia izan da. Nolakoa izan da prozesua zuretzat?
Egia esan inkoziente bat naiz eta itsu-itsuan sinetsi dut proiektuan haseratik. Oso proiektu polita izan da, fase guztietan. Mikelek ateak zabaldu zizkigunean, gidoia mamitu genuenean, estudioko bi asteak oso intentsoak izan ziren... pila bat ikasi dut, gogoan nuen dokumental hau egiteko eta lortu dut hau amaituta gehiago egiteko gogoa izatea. Iker Treviño alboan izan dut, profesional kontrastatua izateaz gainera lehengusua dudana zorionez, eta nire alboan izan dut gidari. Oso lagungarri izan zait bere aholkua, eta lortu dugu oso gustura geratzea emaitzarekin.

Zu ere bazara musikaria. Horrek erraztu egin du euren bizipenen elkar-ulertzea?
Sortzaile naizen aldetik, gehien erraztu didana da haseratik argi izatea nola nahi nuen kontatu. Ezagutzen nituen fase batzuk, banekien disko baten sorkuntza nolakoa den eta horrek erraztu egin ditu gauza batzuk. Argi nuen ze irudi nahi nituen jaso, ze irudi ematen diren kontzertu batean eta ostean, entseguetan, eta horien bila joan gara. Eta iritsi egin zaizkigu. Eskertuta gaude, artista gutxi daudelako Mikelek bezelako ibilbidea eduki eta horretarako prest daudenak.

Miren Abasolori eskaini diozue filma [Urdangarinen ama, filma estreinatu baino aste gutxi batzuk lehenago hil zen].
Bai. Kolpe latza izan da Mirenena. Nik konbentzitu nuen telefonoz parte hartzeko, ez zuen nahi haseran, ama da eta jendaurrean agertze horrek ez zion grazia handirik egiten. Harreman bat egin genuen berarekin, oso emakume potentea zen, indartsua eta familian pisu handia duena. Orain hau gertatu da eta harrapatu gaitu denok biluzik. Pelikulan pisu handia du eta pelikula bera aldatu digu, nik uste orain, Miren galdu ostean, beste modu batean ikusten dela pelikula.

Alain Urrutiak bere margolanak bezala, zuk ere zuri-beltzean eman duzu filma. Zergatik?
Pelikulan dago erantzuna. Alain izan da motiboa hautu hori egiteko eta uste dut hautu horrek mesede egiten diola, bai pelikulari eta baita Mikel azaldu nahi dugun moduari ere. Soiltasun horrek agerian uzten ditu gauza asko. Baina, esandakoa, pelikulan dago erantzuna.