Topikoz topiko, bere buruaz barre eginez abiatu da 66. Zinemaldia
Komedia, asmatzea horren zaila den genero hori, izan zen Zinemaldiaren 66. edizioaren irekiera gala azken urteetako entretenigarriena izaten lagundu zuena. Borja Cobeagak gidatutako gidoilari taldeak zinemagintzaren topikoak baliatu zituen galarako eta, umorearekin jarraituz, Juan Veraren «El amor menos pensado»-k ireki zuen jaialdia.
Irekiera gala 21.00etan bazen ere, ordubete lehenago Nina Simoneren “Feeling Good” abestiaren lehen akordeek Kursaal ingurua hartu orduko hasi zen arnasten festa giroa. Alfonbra gorriaren bazterretan lekua egin zuten zaleek eta, unea iristen zihoan neurrian, zarata eta oihuek hartu zuten protagonismoa. Gertuko, zaleei kasu eginez, sartu ziren Kursaalera batzuk, Rossy de Palma kasu (segurtasunekoek alfonbran aurrera egin zezala eskatu behar izan zioten), eta bidea soilago egin zuten beste batzuek.
Umore ona arnasten zen giroan, Kursaal barruan gertatuko zenaren aurrekari. Izan ere, «umorea goratzeko» ahaleginean, Borja Cobeaga, Diego San Jose eta Borja Echevarriari eskatu zieten galako gidoia idatz zezaten eta, oro har, zine jaialdien berezitasunak eta Donostiaren «postal izaera»-ri lotutako topikoak entzun ziren. Hasiera hasieratik, gainera: Belen Cuestak, adibidez, Rebordinosek gala aurkez zezala eskatu zionean bere lana goraipatzen zuela esan eta Belen Ruedaren filmak zerrendatu zizkiola esan zuen. Cannes eta Veneziako jaialdiekin alderaketa eginda galtzen atera zen Donostiakoa Cuestaren ahoan, baina Zinemaldiaren irekiera gala zen: Donostiakoa sail ofizialean lehian ari diren emakume kopuru handiena duen jaialdia dela esan zuen. Eta, jarraian, “Versión Española”-ren 20. urteurrena ere ekarri zuten gogora, hura goratuz eta, ironiaz, Donostian «espainola den ezer omentzen» den lehen aldia izango dela nabarmenduz.
Galak 25 minutuak beteak zituenean entzun zen euskarazko lehen hitza, Nagore Aranbururen eskutik. Topikoen jokoari tiraka, Donostiak bere burua maite duela eta sarituei hiriko farola bat ematen zaiela nabarmendu zuen eta, segidan, sarituei «gabon» esateko ikastaroa irudikatzen zuen esketxa eman zuten, jada gazteleraz. Berriro hitza hartuta, Zinemaldian «hizkuntza ez hegemonikoetan lan egiten» dela esan zuen Aranburuk, segidan jaialdiak euskal zinemaz gainera Latinoamerikakoa sustatzeko egiten duen «ahalegina» azpimarratuz.
Fipresci saria ere banatu zuten: hirugarrenez jaso zuen saria Paul Thomas Andersonek (ez zuen etortzerik izan), kasu honetan “El hilo invisible”-gatik. Barre gehien sail ofizialean hautatuak izateko filmek eduki beharreko ezaugarriek –plano luzeak, irribarrerik ez, hizkuntza ezezagunak– eragin zuten. Eta, ia ordubeteren ostean, Alexander Payne buru izango duen epaimahaia aurkeztu zuten.
Eta gero, zer?
Juan Vera zuzendari argentinarrak zabaldu zuen atzo Urrezko Maskorra eskuratzeko lehia “El amor menos pensado” lanarekin. Bere lehendabiziko film luzea du Ricardo Darin eta Mercedes Moran protagonista dituen obra. Komedia erromantikoa hautatu du Zinemaldiak lehia zabaltzeko, ezohiko argumentu batekin. Marcosek (Darin) eta Anak (Moran) hogeita bost urte daramate elkarrekin. Luciano seme gaztea da haien oinordeko bakarra eta Estatu espainolera joatea erabaki du, ikasketak burutzera. Etxetik kanpora atera nahi du semeak eta bere “ihesa” uste baino gehiago luzatuko da, han ezagutuko duen neska vietnamdar batekin munduan zehar ibiltzea erabakiko baitu.
Lucianok (Luchi, filmean) alde egiteak ondorio nabarmenak eragingo ditu gurasoengan. Zalantza existentzialak piztuko ditu bere hutsuneak, batez ere amarengan, eta hogeita bost urteko harremanaren ostean etorkizunak zer ekarriko dien galdezka hasiko da.
Habia hutsaren sindromea delakoa pairatzen hasiko da Ana, eta haize hutsal ezkor horrek Marcosengan ere eragina izango du, bien artekoa noraino iritsi den eta gerora norantz joan behar duen zalantzan jartzeraino. Bikotea, azkenean, banandu egingo da eta nork bere bidea hartuko du, nahiz eta agerikoa izango den haien bidaia indibidualak ez duela bietako inor aseko, espero den amaiera ekarriz azkenean.
Ekoizle eta gidoigile lanetan aritu izan da Juan Vera azken urteetan. Juan Jose Campanella, Pablo Trapero eta Juan Taratutorekin lan egin izan du, eta “El amor menos pensado” du lehenengo lana zuzendari gisa. «Duela lau urte hasi ginen film honen gidoia idazten eta hasieratik bagenekien nortzuk izango ziren protagonistak. Askoz errazagoa da gidoi bat idaztea aktoreak zeintzuk izango diren badakizunean. Haiengan pentsatu nuen lehenengo minututik», nabarmendu zuen atzo prentsaurrekoan Ricardo Darini eta Mercedes Morani erreferentzia eginez.
Bi aktoreak ere Donostian dira egunotan. Darinek (Donostia saria jaso zuen iazko edizioan) jendetza erakarri zuen ez soilik zine aretoetara, baita prentsarekin zeukan hitzordura ere. Eroso agertu zen hedabideen galderak erantzutean eta zuzendari eta kideentzat laudorio hitzak baino ez zituen izan. «Gidoi bat ondo idatzita dagoenean eta elkarrizketak bihotzarekin idazten direnean (horrek ez du esan nahi ironiarik edo sarkasmorik ez dagoenik), beti gertatzen ez den harreman jakin bati buruz hitz egiten du. Eta hori existitzen bada, ondo funtzionatzen du. Filmaren klabeetako bat da bikote harremanaz harago pertsona bakoitzari buruz ere hitz egiten duela eta haien fantasiak eta galderak mahai gainean jartzen dituela», nabarmendu zuen.
Filma adin jakin bati lotuta ote dagoen galdetuta, Juan Verak uste du edozein publikok uler dezakeela bertan gertatzen dena. «Bost urte baino gehiagoko harreman bat izan duen edonork daki zer gertatzen ari den», esan zuen.
Zuzendari argentinarrak kontakizun zintzo bat egin nahi izan du 50 urte ingurura iristen diren bikote luzeen inguruan. «Zer gertatzen da maitasunarekin? Zer desirarekin? Zer pasioarekin? Nola mantendu bikotea bizirik denbora luzez? Horiek ziren mahaigaineratu nahi nituen galderak. Eta horretarako interpreterik onenak izan ditut. Idatzitako gidoia barneratu eta maisuki itzuli diote munduari», goraipatu zuen.
Mercedes Moranek Anaren pertsonaiari buruz zertzelada batzuk eman zituen. Filma komedia erromantikoa den arren, bere hitzetan oso gutxi du generotik, «umore eta sentimendu uneak gutxi nabarmentzen baitira». Eta geldialdia egin zuen: «Eta pertsonaiak oso parekatuak daude». Generoaren ikuspuntutik egin zuen analisia aktore argentinarrak; «emakumea histeriatik oso urrun dago». Moranen aburuz, «argi dago bikote honetan maitasuna egon badagoela, baina batzuetan norbera dagoenean bikotearen barruan ezinegon batzuk oraindik sakonagoak izaten dira».
“El amor menos pensado” filmak ekoizpen bikoitza izan du. Hasiera batean Patagonik Film Group ekoiztetxea jarri zen pelikulari babesa ematen, zuzendaria bera partaide duen ekoiztetxea. Baina ondoren proiektuan barneratzeko proposamena egin zieten Ricardo Darini eta haren seme Chino Darini. Orain ez denbora asko zabaldu zuten aita-semeek Kenya Films ekoiztetxea. «Ez da ohikoa zinema munduan bi enpresak bat egitea film baten ekoizpenean parte hartzeko, baina kasu honetan gertatu da eta babes handia jaso dut», azaldu zuen Juan Verak.
Ricardo Darinentzat ikasteko bidea izan da esperientzia berri hori. «Rolak aldatzeko aukera ona zela ikusten genuen eta zerbait berria ikastera zoazen sentsazioa izango baduzu, hobe onenekin ikastea. Guretzat erronka handia izan zen, eta ikasteko aukera eman digu, eta traumarik gabe ikasi dugu. Plazer handi bat izan da. Ez da soilik esperientzia fundazionala izan, baita estimulantea ere». «Nire lehenengo lana da, Zinemaldia inauguratzen ari naiz eta onenekin nago. Zer gehiago eska dezaket?», eman zuen aditzera zuzendariak taldekideez inguratuta.