INFO

‘Dantza’: Sinboloak mugimenduan

Film ausarta aurkeztu du Telmo Esnalek. Baina nahi izan duena egin du. ‘Dantza’ sinbolo filmiko bat da, mugimendu kodifikatua, agian amets bat... baina baita errealitate bat ere.

‘Dantza’ filmeko zuzendari eta aktoreak. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Negutik negura doa ‘Dantza’ eta ziklo natural bati erantzuten dio. Udaberria, sagarra, sagardoa, ospakizuna eta berriro negua. Sinplea dirudi, baina Telmo Esnalek bira bat eman dio dantzari. Juan Antonio Urbeltzek 50 urteetan dantzak ikertzen egindako lana hartu eta bere egin du. Asko arriskatu du. Egia da. Oso film ausarta da zuzendari zarauztarrak Sail Ofizialean lehiaz kanpo aurkeztu duena. Baina jakitun da nahi zuen filma egin duela.

Urteak daramatza proiektu hau gauzatu nahian. 6, 7, 8... asko. Iaz Glocal in Progress sailean aurkeztu zuen Zinemaldian eta saria eskuratu zuen. Filma amaitzeko behar zuen bultzada lortu zuen. Azken eszena grabatu, muntaia egin eta nahasketak kalitatez egin ahal izan ditu. Eta azken emaitzan nabaria da hori guztia.

Gaur gauean estreinatuko da Zinemaldian eta eguerdian prentsaren aurrean izan da taldeko hainbat kiderekin batera. «Nahiko lasai nago. Beste pelikulekin askoz urduriago egon naiz aurkezpen egunetan, eta honekin daukat sentsazioa… badakit zer egin dudan, ze pelikula mota den eta lasai nago nire buruarekin. Momentuz ondo sentitzen naiz filmarekin», esan du.

Bi film egin zitzakeen: fikzioa, aurkeztu duen bezala, edo dokumentala. «Nik dantzan beti pentsatu dut bi pelikula daudela Bat zen egin dugun pelikula, hasieratik nahi genuena, fikzio bat egin sinbologia hori erabili eta historia bat eraiki. Eta bestalde, beti pentsatu dut pelikula honek eman zigula aukera dokumental batzuk egiteko eta ari gara egiten dokumental batzuk esplikatzen hor atzean dagoen sinbologia hori guztia. Printzipioz betidanik aukera pelikula hau egitea zen, fikzioa, azkenean biak gauzatuko dira», azaldu du.

Berrehun dantzari inguruk parte hartu dute filmean. «Ordu eta erdiko entseguak egiten zituzten, eta gero rodajean dantzara. Askotan 10 orduz izan ditut dantzan. Errepikatu, hemendik egin behar da, beste aldetik… Oso gogorra izan da, badakit», ohartarazi du. Eta haienganako esker oneko hitzak izan ditu: «Ez dira aktoreak, interpreteak bai, ohituta daude oholtzara igotzen. Ez dakite aktoreak direla, baina badira».