INFO
Entrevue
RAMON AGIRRE
ZINEMIRA SARIA

«Etorkizun handiko zuzendari gazteek deitzea pozgarria da»

Ramon Agirrek (Donostia, 1954) Zinemira saria jasoko du gaur Euskal Zinemaren festan, orain arte zinemagintzan egin duen lan oparoarengatik. Euskal Herriko aktorerik emankorrenetakoa da. Horren erakusle, Koldo Almandozen «Oreina» aurkeztu du Zinemaldian eta «Agur Etxebeste!» filmatzen ari da.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


“Agur Etxebeste!” pelikula Bergaran filmatzen ari zela harrapatu genuen aktore donostiarra, grabaketaren tarte batean, gidoia eskuan eta Patrizioren azaletan sartzeko prest. Aurtengo Zinemaldira “Oreina”, “Black is beltza”, “Errementari” eta “Asesinato en la universidad” dakartza.

Ia urtero ikusten zaitugu Zinemaldian modu batera edo bestera. Aurten omendua ere izango zara. Nola hartzen duzu Zinemira saria?

Ohore bat da, batez ere hortik pasatako jendea ikusita. Hotzikara pixka bat ere ematen dit. Apuro pixka bat ematen dit, baina esker onez eta poz-pozik jasoko dut saria.

Zinemaldian Koldo Almandozen «Oreina» aurkeztuko duzu.

Niri asko gustatu zait. Ezohiko pelikula bat da, ez da normalean ikusten ditugun horien modukoa. Ez da gauza asko pasatzen, pertsonaien pelikula bat da, baina niri oso ederra iruditu zait eta oso pozik nago. Autore zinema da; Koldo Almandozek badu bere nortasun propioa eta gauza bereziak egiten ditu.

Oso paper desberdinak egin dituzu zinema, telebista eta antzerkian. Nola moldatzen zara hainbeste lan lortzeko?

Horrek azalpen bat dauka: oso zaharra naizela, aspaldi hasi nintzela eta suertea izan dudala nahiko jarraian lan egiteko. Batez ere azken urteotan oso bolada ona daukat. Hainbeste urtetan paper oso desberdinak egin ditut.

Euskaraz egiten dituzu ekoizpen gehienak. Nola ikusten duzu euskarazko zinemaren osasuna?

Osasun ona du, baina oraindik nerabea da. Momentu honetan oso osasuntsu dago eta handitzen ari da, baina oraindik bidea egitea falta zaio. Orain urtean pare bat pelikula luze egiten badira, ondo legoke bospasei izatera pasatzea, eta ahal dela orain asmatzen ari garen bezala asmatzea. Zortea izan behar da horretarako. Momentuz emaitzak oso onak izan dira eta ea jarraitzen dugun bide horretatik.

«Aupa Etxebeste!» izan da duela gutxira arte euskarazko filmik ikusiena, «Handia» iritsi zen arte. Bada, zu bietan zaude tartean.

Bai, zorte handia daukat! Lan asko eta politak egin ditut, pertsonaia ederrak eskaini dizkidate eta etekina ateratzen saiatu naiz. Ikustea nola etorkizun handiko zuzendari gazteek oraindik deitzen zaituzten pozgarria da oso, beraz, oraindik lan pixka bat egin beharko dut.

Zuzendari gazteak babestea ere aktoreen esku dago.

Datorren zuzendari belaunaldi honek aukera duen orduko demostratzen du zein talentu duen. Fidatzeko modukoak dira hemengo zuzendari berriak. Eta polita da zuzendari baten opera prima-n egotea eta saiatzea honek arranke ona izan dezan. Orain zuzendari emakumeak falta dira. Badaude batzuk baina oraindik ere desoreka handia da. Ea ekoizleak animatzen diren emakumeen istorioak kontatzera. Ni neu desiratzen nago emakume zuzendariekin lana egiteko, izan ditudan esperientziak oso positiboak izan baitira. Asko gustatzen zait emakume batek ni zuzentzea. Ea hemendik aurrera maiz gertatzen den.

Orain, hamalau urte eta gero, «Agur Etxebeste!» filmatzen ari zarete, ia «Aupa Etxebeste!» egin zuen lantalde berdin-berdinarekin. Nolakoa izaten ari da esperientzia?

Oso polita. Kariño handia dago gure artean, familia hau osatzen dugunon artean. Azken boladan ez dugu askotan elkar ikusi eta berriz ere topo egitea hain zapore ona utzi zuen gauza bati segida emateko oso pozgarria da. Oso ondo ari gara, zuzendariei nabari zaie pozik daudela eta hori da termometrorik onena; beraz, gu ere gustura gaude.

Zer espero duzue?

Ni konformatuko nintzateke hark izan zuen harrera izango balu! Ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara baina ez da erraza, hura nobedadea zelako garai hartan.

Datorren urtean estreinatuko da, ezta?

Filmatzen amaitu, muntatu eta ea jaialdien bitartez edo zuzenean aretoetan estreinatu erabaki beharko dute ekoizleek.