INFO
Entrevue
Patxi Bisquert
Aktorea

«Begirada eta irudi bidez mundu zabal eta aberatsa islatzen du ‘Oreina’-k»

Koldo Almandozen aginduetara aritu da Patxi Bisquert ‘Oreina’ filmean. Urteak ziren pantaila handian ikusi ez dugula. Ez berak hala nahita. Pozarren dago zinemak eskaini dion aukera berri honengatik, bere garaian ‘Tasio’-k eman zion bultzadaren gisakoa emango dionaren esperantzaz.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Ezustean gertatu zen. Patxi Bisquert bizileku bila ari zela, Marian Fernandezen –Txintxua Filmseko ekoizlea– gurasoek salgai zuten etxea ikustera joan zen. Une hartan elkar ezagutu eta handik laster jaso zuen Bisquertek ‘Oreina’ filman lan egiteko eskaintza.

Erakargarria eta gertukoa egin zitzaion proiektua. «Oso pelikula berezia iruditu zitzaidan, nire gustukoa. Bizitza eta ingurumena ditu ardatz lanak. Ibaiak duen presentzia asko gustatu zitzaidan», kontatu du.

Pertsonaiei dagokienez, ibai ertzeko etxean elkarri hitzik egin gabe bizi diren bi anaia ikusiko ditugu pantaila handian. Joxe Ramon –Patxi Bisquert– eta Martin –Ramon Agirre–. Baina ez dira bakarrak. «Ibai horren ertzetan motoan batetik bestera dabilen saharar gazte etorkina ere agertzen da eta asko gustatu zitzaidan. Baita zingira bihurtzen den toki horretan beti zelatan dabilen basozaina ere», kontatu du. Hark ‘Tasio’ren garaira eraman zuen, hura basozainarengandik ihesi baitzebilen.

Padura bera beste pertsonaia batean bilakatzen da filman. «Denbora eta bizitza bera da ibaia», dio. «Askok lehenengo aldiz ikusiko dute padura barrutik, nahiz askotan ikusi duten trenez edo kotxez doazenean. Azaltzen diren lokalizazioek zoratu egingo ditu ikusleak!».

Koldo Almandozen hitzak dakarzki gogora. «Pello Lizarralderen liburuetan gertatzen den antzera, ez dakigu zehazki nondik datozen eta nora doazen pelikulako pertsonaiak, baina oraina erakusten da», gaineratu du. Honek denak egin zuen Almandozen proiektua erakargarri Bisquerten begietara.

Ibaiarekin batera, hiria ere hor dago, kontrastea eginez. Bi mundu. «Hiriak bere bizitza propioa du, industriaguneak, herriska txikiak, paisaia basatiak… ikusiko ditugu, mundu bat. Eta hori dena, gainera, oso kilometro gutxiko distantzian», adierazi du.

Hitz gutxirekin asko adierazten den istorioa eraman du pantaila handira Almandozek. «Zinema moeta hau oso gustukoa dut. Begirada eta irudi bidez mundu zabal eta aberatsa islatzen den pelikula horietakoa da», azaldu du.

Zinema zuzendariari zirrara berezia egin zion ‘Tasio’ filmak. Eta aktorea izan zuen buruan “Oreina” bere lehen luzemetraia sortu zuenean. «Joxe Ramonek badu Tasioren kutsua. Hark bezala, askatasuna maite du. Basatia da, animalia basatien atzetik dabil…».

2001ean Montxo Armendarizekin ‘Silencio roto’ filmatu zuenetik pantaila handian apenas ikusi dugu Bisquert. Galizara joan zen 2001ean. «Horrek nolabait hemengo jendearengandik aldendu egin ninduen eta agian pentsatu zuten lanbidea utzi egin nuela», esan du.

Ribeira Sacran sagardotegia jarri zuen. Haurrak jaio ziren –«berandu hasi nintzen, 50 urte nituen», dio irribarrez–. Bertako telebistarako zenbait lan eta laburmetraia batzuk ere egin zituen. ‘Celda 201’ (Daniel Monzon) espainiarrean eta ‘Migas de pan’ (Malene Rodriguez) film uruguaitarrean ere parte hartu zuen. Eta ekoizpen etxe txiki bat jarri zuen abian Galizan, hiru dokumental eginez. Gutxitxo. Eta bitartean, bera zain, lanerako amorratzen.

Euskal Herrira bueltan, gauzak ez zaizkio askorik aldatu, tamalez. «Lanerako deirik jasotzen ez duzunean gaizki pasatzen duzu. Ekonomikoki ere gauzak ez daude errazak», aitortu du. Pantaila handian edo txikian agertu ez denean makina bat zeregin izan du Bisquertek. Metalgintzan lantegian, liburu saltzen, eraikuntzan… Inork kontrakorik pentsatzen badu ere, baita zinemagintzan aparretan zegoenean ere, 90. hamarkadan. Zinemako proiekturik ezean, lantegira itzuli behar izan zuen».

Baina harra sartua zuen. Zuzendariak ‘Motorra, akzioa’ esan ondoren datozen minutuak dira aktorea gehien engantxatzen dutenak. Adrenalina unea. «Momentu laburrak dira, minutu pare bat, beste pertsonaiaren baitatik ari naizenean. Horixe da une onena, planoa grabatzen ari garena. Eta iritsi arteko prozesua ere bai».

«Protagonismoa ez zait gehiegi gustatzen»

Txarrena, amaitu ondorena. «Orain nagoen une hau, elkarrizketak egitea, promozio lanak… egin beharra dago, baina kosta egiten zait; protagonismoa ez zait gehiegi gustatzen», adierazi du. Hasieran mundu arrotza zena. «Nahi gabe mundu horretan sartu nintzen eta, pixkanaka, gustatu», aitortu du. Aktore sentitu arte.

Segoviako espetxean zegoen Bisquert bertako ihesaldi entzutetsuan. Eta horrek bultzatu zuen Imanol Uribe zizurkildarra ‘Segoviako ihesa’ filman aktore lanetan jartzera, beste hainbat bezala. 1981ean estreinatu zen eta atzetik zerrenda luzea etorri zen: ‘Albaniako konkista’ (Alfonso Ungria, 1983), Akelarre (Pedro Olea, 1984) eta ‘Tasio’ (Montxo Armendariz, 1984).

Euskaldunon erretinan betirako Tasiori lotuta geratu da Patxi Bisquert. Film hark egin zuen ezagun. «Ordura arte Euskal Herriko politikagintzan zertxobait, ezker abertzaleko kidea izateagatik, baina horrez gain ez ninduen inork ezagutzen. Eta Tasioren ondoren edozein tokitan nintzen ezagun». «Laino batean nengoen, gauza asko ez nituen sinesten...», adierazi du.

‘La nueva revelación del cine vasco’ izan zen ‘El País’ egunkariko orduko izenburua. Eta bidean –hemeroteka lekuko– makina bat izenburu geratu ziren –‘De la cárcel al plató’ eta antzekoak– Bisquert akitzeraino.  

‘Tasio’ film ederra dela onartuta ere, ez ditu beste lan batzuk ahanzturan utzi nahi. ‘Ehun metro’ (Alfonso Ungria, 1985), ‘Gran Sol’ (Ferran Llagostera, 1989) eta ‘Offeko maitasuna’ (Koldo Izagirre, 1992), esaterako, asko gustatzen zaizkit eta ‘Oreina” ere bai, asko. «Noski, niri bultzada handia eman zidana ‘Tasio’ izan zen, eta orain espero dut ‘Oreina’ izatea, zahartzaroko garai honetan bultzada emango didana».

Etorkizunera begira, zer? «Zuzendariei ez zaie burutik pasatzen komedia egiteko niri deitzea [irribarreak]. Eta pena ematen dit». Horra hor zinema zuzendariei egindako eskaintza.