Euskara ehuntzen jarraitzeko mendeurrena, Euskaltzaindian
Urriaren 4an Arantzazun Bernardo Atxagak eta Jose Cruz Gurrutxagak egingo duten irakurraldi dramatizatuarekin emango diote hasiera mendeurrenari. Ekitaldiz ekitaldi –beste lau antolatu dituzte–, martxora arte egingo dituzte euskarari indarra ematen dioten kultur ekimenak. Izan ere, Andres Urrutia euskaltzainburuak azpimarratu zuen hizkuntza bat ez dela hitzez soilik eratzen, kulturak berak ere hauspoa ematen diolako.
1919an sortu zen Euskaltzaindia euskara zaindu, aztertu, zabaldu eta hobetzeko asmoz. Datorren urtean, beraz, mendea beteko du euskal akademiak, eta hori ospatzeko kultur egitaraua osatu du.
Datozen hilabeteetan bost egitasmo garatuko dituzte, guztiak euskal kulturarekin lotuak. Horiek izango dira “Ghero” antzezlana, “Biz Hitza” ikuskizuna, “Astelehen-Astearte Buruzuriak” kontzertu zikloak eta “Euskal literatura zaharrari buruzko hitzaldia Martuteneko kartzelan” ikuskizuna.
Horiei gehituko zaie “Mende Berria Kantuz” emanaldi ibiltaria. Bertan, Bilboko Koral Elkarteko Euskeria koruak eta beste hiriburu batzuetako gazte abesbatzek elkarrekin kantatuko dute euskal abeslari eta taldeen bertsioak eginez. “Gaztelugatxe”, “Aitormena”, “Azken dantza”, “Sarri sarri”, “Ilargia” edota “Euritan dantzan” dira kantatuko dituzten lanetako batzuk. Ekimen honi Arantzazun emango diote hasiera datorren urriaren 5ean.
Bezperan hasiko dira, ordea, mendeurreneko ospakizunak Bernardo Atxaga eta Jose Cruz Gurrutxagaren irakurraldi dramatizatuarekin, Arantzazun hori ere. “Euskal literatura zaharrari buruzko hitzaldia Martuteneko kartzelan” pieza duela urte batzuk Atxagak Martuteneko espetxean eman zuen hitzaldi batean dago oinarrituta. Orduan izandako bizipenak kontuan hartuz testu bat idatzi zuen eta orain hori irakurriko dute idazleak eta aktoreak.
Tartean Teatroa antzerki taldeak “Ghero” ekarriko du, euskara protagonista duen pieza txikia. Bilboko Arriaga antzokian azaroaren 20an ikusi ahalko da hizkuntzaren iraupenaren misterioarekiko harridura eta miresmena erakusten duen lan hau. Euskarari ez ezik, gainerako hizkuntzei ere egin nahi die gorazarre.
Hitzak baino gehiago
Gelditzen den beste ekimena 2019an izango da. “Biz Hitza” ikuskizunari dagokionez, munduko hizkuntzen historia unibertsala dauka abiapuntu, baina euskara batuaren ibilbidean jarriko du jomuga. Kontaketa dantzaren bitartez egingo du Aukeran dantza konpainiak. Ikuskizun hau ikusteko aukera izango da Arriaga antzokian martxoaren 16an.
Andres Urrutia euskaltzainburuak esan zuenez, «hizkuntzak ez dira bakarrik hitzak, arauak, gramatika... hizkuntza kultura jakin baten hari eroalea ere bada, bide erakusle, eta euskara askozaz ahulagoa litzateke hari bizitza ematen dioten askotariko kultura-jardueren laguntzarik gabe. Guk euskal kultura zabala eta modernoa nahi dugu, eta horren aldeko apustua egin dugu mendeurrenean, punta-puntako eragileekin elkartuz», adierazi zuen.