INFO

Euskara batuaren ondarea belaunaldi berrien eskuetan jarri behar dela nabarmendu dute

Hiru egunez Arantzazun egin duen XVII. Biltzarrari amaiera emateko ‘Euskara Batuaren Adierazpena’ aurkeztu du gaur Euskaltzaindiak, 36 eragile publiko eta pribaturen sostenguarekin. Orain arteko ibilbideari erreparatuta eta etorkizuneko erronkak jasotzen ditu, eta euskara batuaren ondarea hurrengo belaunaldietan jarri behar dela nabarmendu.

Arantzazun familia argazkia egin dute Euskaltzaindiako kideek eta adierazpenarekin bat egin duten eragile eta erakundeek. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Joan Mari Torrealdaik irakurri du Euskara Batuaren Adierazpena Arantzazun, hain zuzen ere euskara batuak duela 50 urte sorleku ofiziala izan zuen toki berean. Alboan izan ditu adierazpena babestu duten 36 eragile publiko eta pribatuak.

Adierazpenean Euskaltzaindiak bere sorrera bultzatu zuten printzipioak berresten ditu eta, aldi berean, euskara batuaren jatorrian daudenak ere. 

Duela ehun urte sortu zenetik egin diren hizkuntza planteamentu eta proposamen berriak baliatzen jakin zuen Arantzazun eta, ondoren, «euskalgintzarekin eskuz esku egin zuen bidea eta halaxe eraman gidaritza, etenik eta pitzadurarik gabe», dio adierazpenak.

Prozesu honetan parte hartu dutenen lana aitortu du Euskaltzaindiak, baita omenaldia egin ere, «horiek ahalbidetu baitute, beren ekarpenekin, euskara batua moldatzea, aniztasunaren eta adostasunaren ikuspegitik».

Belaunaldi berriei ere zuzentzen zaie Akademia bere adierazpenean, euskara batua, «arrotza barik, bere-berea izan dezaten eta beraien adierazpideetan erabil dezaten, belaunaldi bakoitzak duen eite eta tankera propioarekin».

«Guztion artean bultzatu behar dugu euskara batua, gure arteko zubia izan dadin, nork berea duen euskaratik abiatuta, baina euskaldun guztion arteko estekadurak erabat bermaturik», dio.

Horrekin batera, adierazpenean kezka agertzen du azkenaldian «hizkuntza estandarrari buruz nabarmendu den zenbait iritzi eta jokamolderekin». Izan ere, Euskaltzaindiaren iritziz euskara batuak «euskaldun oso izateko modua ekarri digu, euskaldunon barne-lotura, hiztun guztiok errazago elkar ulertu ahal izateko zubi-tresna, euskaldun berrien eta zaharren arteko elkargune zabala, eta, azkenik baina ez azken, euskararen beraren izena eta omena». Eta horri guztiari «begirunea» zor zaiola nabarmendu du.

Euskara batuaren erabilera sozialari dagokionez, «erraztu» egin behar dela uste du, eta laguntza eman, «gaur egun gero eta zabalagoa baita euskara batuaren presentzia Euskal Herriko herrialde guztietan».

Euskaltzaindia bere jarduna eraberritzen ari dela dio adierazpenean, «gizarte moderno baten beharrei aurre egin ahal izateko, gizarte horrek euskaran berean bilatzen baitu, hizkuntza propioa duen aldetik, nortasun eta komunikazio tresna eragingarria eta egungo bizimoduari egokitua».

Gogora ekarri duenez, berrogeita hamar urte hauetan euskara batuak eremu berriak irabazi ditu euskararentzat eta euskal kulturarentzat, baina «oraindik badira irabazi beharrekoak», eta horregatik hurrengo berrogeita hamar urteetan «bada motiborik euskara batua indartzen saiatzeko».

«Ondare» hori belaunaldi berrien eskuetan utzi behar dela nabarmentzen du adierazpenak. «Belaunaldi berri horiei dagokie, eskuratu dieguna osatu, hobetu eta hurrengoei transmititzea. Horixe da bidea euskarari desio diogun etorkizuna bermatzeko. Zalantzarik gabe, bermatze horretan guztiok behar dugu partaide izan eta lehen-lehenik Euskaltzaindiak».