INFO

Euri artean, zubiak batzeko ahaleginean ospatu dute Kilometroak Urretxu-Zumarragan

Urretxu-Zumarragako ikastolak antolatuta ospatu dute 2018ko Kilometroak, euriak giroa apur bat tristetu duen arren. ‘Zubiak Batuz’ leloari jarraiki, Gipuzkoako ikastolen aldeko festak espero baino jende gutxiago erakarri du, eguraldiaren ondorioz. Bertako guraso eta ikasleek ordea ilusioz eutsi diote hilabete luzez prestatutako jaiari.

Eguraldia ez dute lagun izan Urretxu-Zumarragara gerturatu direnek. (FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Euria da ospakizun handietan kezka nagusienetako bat eta gaurkoan Urretxu-Zumarragan haren meatxuarekin esnatu dira. Urte oso batez prestaketa lanetan aritu ostean iritsi da momentua, bertako ikastolako irakasle, ikasle eta familiek egun handia dute aurretik. Gozatzeko eta baita lan egiteko ere.

Lehen orduan jarri dira martxan, Urretxu-Zumarragako ikastolan ospatutako hasiera ekitaldiarekin. Bertan izan dira ordezkari politikoak, tartean Jon Luki eta Mikel Serrano Urretxu eta Zumarragako alkateak, hurrenez hurren, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Cristina Uriarte Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailburua. Eta noski, jaia adi eta emozioz jarraitu duten guraso eta haur mordoa.

Gipuzkoako bi herri hauek badute berezitasun bat, ibaiak eta zubiak banatzen dituztela alegia. Nahiz eta praktikan bi herrietan murgilduta bizi diren bertako biztanleak. Ideia horretatik asko du 2018ko Kilometroak jaialdiarentzat aukeratutako leloak: ‘Zubiak Batuz’. Argiñe Artolazabal Urretxu-Zumarraga ikastolako lehendakariak azken urte honetako lana goraipatu du, baita proiektu amankomun horren inguruan sortutako komunitate sendoa ere. Gaurko eguna ere zubi lan horren emaitza da. Abestiaren leloak ongi deskribatzen duen moduan, «Zubiak, bat dira alde biak. Elkarren alde elkarri adi, batuz egingo gara handi».

Goiza euri artean gaindituta, arratsaldean kontzertu eta ekitaldi ugari izan dira. Urte oso batez aurrera eramandako erronka gaindituta, datorren ikasturtean Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolak hartuko du lekukoa.

Sistema propio baten alde

Ikastolaren ordezkariek Kilometroak jaiaren bitartez Urretxu-Zumarraga ikastolaren proiektuari eman nahi zaion bultzada azpimarratu dute. Era berean, ikastolen xedea ikastolaren hormetatik harago euskarari bultzada ematea dela gogorarazi dute. «Herrigintza herria egitea bada, guk herri eta auzo euskaldunak egin nahi ditugu. Euskara Ikastolan zein kalean entzun nahi dugu. Baina azken urteotan jabetuta gaude egungo sistemak ez dituela gure ikasleak behar bezala euskalduntzen. Egoera honi irtenbidea emango dion murgiltze eredua ezartzea ezinbesteko deritzogu», adierazi du Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari eta Ikastolen Elkarteko lehendakariorde den Nekane Artolak. Bide horretan, asteburu honetan bertan ospatu den euskara batuaren 50. urteurrena ere ekarri du gogora Artolak, eta Euskaltzaindiaren Arantzazuko biltzar hark nola, orain ere euskarari bultzada emango dion ekimen sendo bat behar dela azpimarratu du. Horretan hezkuntza sisteman murgiltze eredua ezartzeak egin dezakeen ekarpena maila bertsukoa izan daitekeela nabarmendu du.

Beste hainbat erronka ere aipatu ditu Artolak: segregazioari aurre egitea, euskal curriculuma, ebaluazio sistema propioa, ikaslea erdigunean jartzea eta ikastetxeen autonomia handitzea, besteak beste. Hezkuntza sistema propioa eraikitzen hasteko unea badela ere aipatu du Ikastolen Elkarteko lehendakariordeak. «Beraz, alderdi, sindikatu, erakunde eta hezkuntza eragileoi arduraz eta erantzukizunez jokatzea dagokigu eta dela akordio, dela lege, dela martxan jartzen dugun edozein ekimen Hezkuntza Sistema Propioa eraikitze bidean urrats izan dadila», adierazi du. Eta gaineratu du: «Gu prest gaude. Izan ere etorkizuna dago jokoan eta hurrengo belaunaldiek Euskal Herri justuagoa eta euskaldunagoa merezi dute».