INFO

Lotune berri bat eraikiko dute Donostiako saihesbidean, Marrutxipin

GI-20 Donostiako saihesbidean, Marrutxipin, lotune berri bat eraikiko dute Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak. Intxaurrondo, Egia eta Gros auzoetarako zuzeneko sarbidea hobetzea du helburu. 7 milioi euroko kostua izanen duela eta 2020an lanak hasiko direla aurreikusi dute.

Marrutxipin eginen den lotune berriaren proiektuaren irudia. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak beste lotune bat eraikiko dute GI-20 Donostiako saihesbidean, Marrutxipin. «Lotune berri horrek, Intxaurrondo, Egia eta Gros auzoetarako zuzeneko sarbidea hobetzeaz gain, hiriko beste alde batzuetara deskargatuko du orain auzo horietara joaten den zirkulazioa», azaldu dute ohar baten bidez.

«Lotune berria eraikitzen denean, zirkulazioaren jaitsiera nabarituko dute zenbait tokitan, hala nola Karlos I.aren hiribidean, Loiolako Erriberetan, Urumea pasealekuan, Garberako biribilgunean eta Otxoki pasealekuan. Izan ere, hiriaren ekialdean bizi direnek sarbide berria erabiliko dute saihesbidean sartzeko. Ez ditu konponduko Donostiako zirkulazio arazo guztiak, baina askoz ere zirkulazio arinagoa izango da gaur egun zirkulazio handia duten alderdietan», azpimarratu du Markel Olano diputatu nagusiak.

Lotune berria Polloeko eta Intxaurrondoko tunelen artean kokatuko da, non Etzieta eta Castelao parkeak dauden, iparraldean eta hegoaldean, hurrenez hurren, oso inguru urbanizatu batean. Foru Aldundiko eta Udaleko zerbitzu teknikoek lotune oso bat diseinatu dute, sarrera nahiz irteerako mugimendu guztiak jasotzen dituena, bai ekialdekoak bai mendebaldekoak, Etzieta eta Castelao parkeei erasan gabe.

Donostiako alkate Eneko Goiak bere «poza» agertu du Foru Aldundiak eta Udalak elkarrekin egindako lanagatik, «helburua izan baita konponbiderik onena bilatzea hiriko sarbideak eta hiri barruko zirkulazioa hobetzeko». «Proposatutako konponbideak asebete egiten du Intxaurrondo, Egia eta Groserako zuzeneko sarbidea hobetzeko helburua, eta, aldi berean, deskargatu egiten da Karlos I.aren hiribideko eta ibai ondoko bideko zirkulazioa. Izan ere, ibilbide horiek erabiltzen dira, gaur egun, hiriaren ekialdera joateko, mendebaldetik, Garberako biribilgunetik eta Otxoki pasealekutik», adierazi du Goiak.

Alkateak azpimarratu duenez, lotune berri horrek «aukera emango du Ategorrietatik eta Ipar Intxaurrondotik sartzeko eta irteteko, eta horrek lagundu egingo du hiritik irteteko beste bide batzuk deskargatzen, esaterako, Frantzia pasealekua-Federico Garcia Lorca, gaur egun erabiltzen dena Grosetik eta Egiatik ateratzeko», zehaztu du alkateak.

Era berean, lotune honek saihesbideko galtzadaren azpian, Irun-Zarautz norantzan, bi pasabide, eraikitzea eskatuko du, baita biribilgune berri bat Sasiain zeharbidearen eta Mons pasealekuaren arteko elkargunean.

«Kalkulatzen dugu zazpi milioi euro inguru kostatuko dela, eta 2020aren hasieran hasiko litzateke eraikitzen», adierazi du azalpena Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek.