INFO

Eibarko ospitaleko zerbitzu gehienak martxan daude gaurtik

Goizeko 8.00etatik zabalik dago Eibarko ospitalea. Eguneko 24 orduetan irekita egongo da eta Debabarreneko 75.000 bizilagunentzako osasun eskaintza eta zerbitzuetarako irisgarritasuna hobetzea espero da.

Joan den astelehenean inauguratu zuten Eibarko ospitalea, Iñigo Urkullu buru zela. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Eibarko ospitalea modu mailakatuan irekiko den arren, Osakidetzak jakinarazi du goizeko 8.00etatik martxan daudela zerbitzu gehienak.

Aurrerago, osasun eskaintza handitu egingo da, farmaziako, ospitalizazioko eta errehabilitazioko zerbitzuekin. Gainera, Torrekuako Lehen Mailako Arretako Unitatea, Etengabeko Arreta Gunea (EAG) eta Ospitalez Kanpoko Osasun Mentaleko Zentroa ere izango dira ospitalean.

Erietxeak ospitalizazioko hiru unitate ditu, 20-24 oherekin eta puntako ekipamenduarekin, susperraldirako, errehabilitaziorako eta zainketa aringarrietarako. Halaber, errehabilitazio zerbitzua ere izango du, anbulatorioko nahiz ospitaleko pazienteentzako.

Ospitale berriko zerbitzuen eskaintza zabalean kanpo kontsultak ere daude, hain zuzen, kardiologia, pneumologia, barne medikuntza, neurologia, erreumatologia, errehabilitazioa, traumatologia eta endokrinologia espezialitateenak, guztira 14 kontsultarekin. Azkenik, zerbitzu orokor klinikoak, kudeaketa zerbitzu orokorrak, sukaldea eta kafetegia ere baditu.

Joan den astelehenean, hilak 22, Iñigo Urkullu lehendakariak ofizialki inauguratu zituen instalazioek 27 milioi eurotik gorako inbertsioa egitea eskatu dute, eta 21.000 metro koadro ditu osasun arreta emateko. Bertan, 200 profesional inguru arituko dira lanean, eta 97 lanpostu berri sortu dira.