INFO

Errazkin eta bere aurkako «mendeku pertsonala» salatu du Intxaurrandietak GHK-ko batzarrean eta sarean

Errazkin eta Intxaurrandieta errugabetu dituen epaiari helegitea jartzeko asmoarean atzean, «bi pertsonen kontrako mendeku pertsonala» dagoela salatu du GHK-ko presidente ohiak.

Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) helegitea jarriko dio Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohia eta Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko presidente ohia errugabetu zituen Espainiako Kontu Auzitegiaren epaiari. PSE-EEren eta EAJren aldeko bozekin onartu zuten atzo GHK-ko kideek ez ohiko batzarrean.

Erabakiak berarengan eta bere familiarengan izan dezakeen eraginaz ohartarazi nahi izan zuen Intxaurrandietak batzarrean, eta horretarako bertaratu zen, nahiz eta egun ez den GHK-ko kide. Ezustekoa izan zen Intxaurrandietaren agerpena eta hasiera batean Jose Ignacio Asensio GHK-ko lehendakariak ez zion hitza eman nahi.

Intxaurrandietak berak Twitter bidez azaldu duenez, lortu zuen hitza hartzea eta Errazkin eta bere kontrako errekurtsoarekin, eurak eta euren familiak «etorkizunik gabe utzi nahi» ote dituzten galdetu zuen. Banketxeen kontrako swapen auzian, sententzia ez errekurritu izana salatu, eta guztiaren atzean «bi pertsonen kontrako mendeku pertsonala» dagoela nabarmendu zuen. 

Bizitako prozesu judizialak alde ona izan duela esan, eta herritarrek eskainitako babesa eskertu zuen: «Oraindik ere kalean geratzen naute sententziagatik zoriontzeko. Eta ez pentsa soilik EHBilduko bozkatzaileak direnik sententziarekin poztutakoak. EAJko bozkatzaile, zinegotzi eta alkateek ere zoriondu gaituzte», dio pozarren.

GHK-ko kideen aitzinean ez ohiko batzarrean esandakoak Twitterreko hari honetan bertan bildu ditu Intxaurrandietak eta zeresana ematen ari da sare sozialean.