INFO

Josu Goia ezker abertzaleko kide eta EKHEko kontseilari ohia hil da

Josu Goia Etxeberria Berako alkate ohia zendu da 71 urte zituela. Goia ezker abertzaleko kidea izan da eta Euskal Komunikabideak Hedatzeko Elkarteko (EKHE) kontseilaria joan den maiatzean izan zen azken batzarrera arte, eta GARAren sortzaileetako bat. Herri Batasuneko lehen mahai nazionalean ere hartu zuen parte. Musikaria (hamar instrumentu baino gehiago jotzen zituen), abeslaria, idazlea, eskultorea (bere makina bat artelan daude Berako kaleetan)... Artista polifazetikoa izan da, herrian hagitz estimatua.

Josu Goia zendu egin da 71 urte zituela. (Gorka RUBIO / FOKU)

Josu Goia Etxeberria hil da. 71 urterekin zendu da Berako alkate ohi eta ezker abertzaleko kidea. Politikagintzan eta kulturgintzan aritu da bizitza guztian. Herri Batasuneko lehen mahai nazionalaren parte izan zen eta Nafarroako Parlamentuan legebiltzarkide ere bai 1979. urtean. Bihar izanen da hileta, 17.00etan Berako San Esteban Elizan.

Goia EKHEko kontseilari izan zen, joan den maiatzeko azken batzarrean lekukoa pasatu zuen arte. Baita GARAren sortzaileetako bat ere. 2014 hasieran, egunkari honek 15 urte bete zituenean, erredakziora etorri zen bisitan bertze sortzaile batzuekin batera. Hona elkarrizketa.

Josu Goia Etxeberria 1947. urtean jaio zen Beran eta lotura estua izan du beti bere herriarekin. Herriak ere aunitz estimatzen du. Seminarioan urte ugari eman zuen, eta nahiz eta aunitz ikasi, «ikasketarik gabea» titulua eman zioten, azterketen aurka altxatu zelako. Geroxeago Elizarekin zuen harremana eten zuen, baina Berako organistetako bat izan da eta aunitz gozatu du San Esteban Elizako «instrumentu zoragarria, Nafarroako organo erromantikoen artean hoberena» jotzen.

1999tik 2003ra Berako alkate izan zen Euskal Herritarrok alderdiarekin, baita Udalbiltzako kide ere. Aitzinetik zinegotzi izan zen hiru legealditan. 2003an ere aurkeztu zen, baina Madrilgo Auzitegi Gorenak ezker abertzaleko zerrenda ugari debekatu zituen, tartean Beraginez, Goia zerrendaburu zuen hautagaitza.

1970eko hamarkadan, politikagintzan sartu aitzinetik, Euskal Herrian barna ibili zen, kantatzen. 20 urte ingururekin hasi zen kantuan. Abesti filosofikoak, sakonak, tristeak, sentimentalak sortzen zituen. 'Josu Goiaren filosofia larrugorritan' diskoan jaso zuen gerora bere «testamentu musikala».

Hamar musika tresna baino gehiago jotzen zituen eta horren erakusgarri da bere etxeko instrumentu bilduma. Jende aunitzek ikasi zituzten berarekin lehendabiziko notak eta kontent zegoen horrekin. Txistularia eta herriko musika bandako zuzendaria izan zen. Moldaketak egin zituen, bertzeak bertze "Agur Jaunak" eta "Internazionala". Hiltzean hori jotzea nahi zuela errana zuen.

Sortzaile polifazetikoa

Sortzaile polifazetikoa zen Josu Goia eta Berako txoko aunitzetan ikus daitezke bere eskultura koloretsuak. Etxalarrekin ere lotura estua zuen eta bertarako ere eginak ditu artelanak. Literaturan, "Encuentros con la Guardia Civil" liburua argitaratu zuen. Hala azaldu zion GAUR8ri liburuaren asmoa elkarrizketa batean: «Euskal Herrian anitz sufritzea tokatzen zaigu eta gauza batzuei buelta ematen badiegu, grazia topatzen badiegu –nahiz eta gertatu ziren unean ez zuten batere graziarik– horiek gainditzea lortuko dugula uste dut. Nire ustez, herri bat bere sufrimendutik txisteak ateratzeko gai bada, herri horrek aurrera egingo du».

Gure Txokoa elkartea, Kultur Astea, Gau Eskolak, Bera eta Lesakako ikastolak... Horien guztien jaiotzaren parte ere izan zen. Herriko suhiltzaile taldean ere ibili zen bolondres. Ekarpen hori guztia hemen gelditzen da.