INFO

Zumaia eta Deba arteko itsasertza garbitu eta erakundeei hondakinen arazoari heltzeko eskatu diete

Berrehun lagun inguruk parte hartu dute Eguzki talde ekologistak deituta Zumaia eta Deba arteko itsas bazterraren garbiketan, gaur goizean. Bildutako hondakin kopuru handia –gehiena plastikoa– nabarmendu eta administrazioei arazoari esku hartzeko eskatu diete.

Hondakin ugari pilatu dituzte Zumaia eta Deba arteko itsasertzean. (EGUZKI)

Eguzki talde ekologistak deituta, 200 lagun inguru Zumaia eta Deba arteko itsasertza garbitzen izan dira gaur goizean. Oier Bartolome surflariak duela egun batzuk bideo batean salatu zuen ingurune horretan dagoen zabor kopuru handia, eta horren ondotik etorri da ekologisten ekimena.

Ohar batean azaldu dutenez, «benetan deigarria» izan da itsas bazterrera hurbildu eta han topatu duten hondakin kopuru handia. Ia dena plastikoa dela esan dute, eta ahal zen guztia bildu eta gainontzekoa marearen eraginpetik aldentzen saiatu dira.

Talde ekologistak nabarmendu duenez, jakitun dira ekimen honen bidez eta «egin daitezkeen antzeko beste batzuen bidez soilik» ezin zaiela aurre egin plastikoak sortzen ari diren arazoei. Izan ere, gogoratu dute, 10 milioi tona plastiko iristen dira urtero itsasora.

Arazoa «globala» da Eguzkiren ustez, eta hori horrela izaki konponbideak ere «globala» behar du, «lehenbailehen plastikoen mundu ekoizpena mugatuz eta birziklatu ezin daitezkeen plastikoak debekatuz». Eta bitartean, birziklatu daitekeen plastikoa biltzearen alde egin du, «gaur egun baino gehiago».

Administrazioek arazoari «serio» heltzen ez dioten bitartean, «herritarrok ez dugu zertan eskuak poltsikoetan sartuta itxoin. Guk ere, gure xumean, neurriak har ditzakegu», azpimarratu du. Horrela, «neurri horien bitartez erakusten dugun kontzientzia akuilu izango da agintariek hartu behar dituzten erabakiak lehenbailehen har ditzaten».

Hala, Deba eta Zumaiako flysch-a tarteka garbitu egin behar dela adierazi du, «hondartzak garbitzen diren bezala». Gogoratu du eremu hori biotopo babestua dela legez, eta izendapen horrek ezin duela «amu turistiko hutsa izan».

Gipuzkoako erreka eta ibaiek ere «ezin dute plastikoak itsasoraino eramateko autopistak izan», Eguzkiren iritziz, eta «horiek ere garbiketa behar dute».