INFO

Euskaraldiaren motorrak bero, giroa bizi eta herritarrak aho eta belarriei eragiteko prest

Hilabeteetako lanaren ostean, bertan ditugu Euskaraldiaren hamaika egunak. Abestiak, dantzak, ikuskizunak edo hitzaldiak izan dira han eta hemen. Motorrak berotuta, giroa bizi, euskararen jarioa hartzeko prest. NAIZ ere prest da Euskaraldiaren emaria jaso eta zabaltzeko.

Ekimen asko egin dira asteotan Euskaraldiaren atarian.

Ostiralean abiatuko da Euskaraldia, hizkuntza ohiturak aldatzeko aktibazio ariketa nazionala. Maulen hasi eta Tuteraraino, zazpi herrialdeetan barrena milaka lagunek jantziko dute aho bizi edo belarri-prest txapa, eguneko 24 orduetan, ahal duten neurrian, euskaraz bizitzeko ahalegina egiteko desioz. Hamaika egunez norberaren hizkuntza ohiturak aldatuz, inertziak astindu eta euskararen erabilera areagotzea da asmoa.

Euskaraldia zer, non, nor, noiz eta nola egin behar den argi ez baduzu oraindik, hiru minututan jakin beharreko guztiak jaso dituzte bideo honetan:

Azaroaren 23tik eta abenduaren 3a bitarte maiz entzungo dugu Las Tea Party DJek, Ines Osinagak, La Basuk eta Maddalen Arzallusek sortutako ‘Hartu kontrola, aukeratu rola’ izena duen Euskaraldiaren abestia.

Euskaraldiaren abestia nola dantzatu behar den jakin nahi dutenentzat, hemen Ainhize Solaun dantzari aiaraldearrak egindako koreografia. ‘Aiaraldea’ komunikazio proiektuak zabaldu du bideoa.

 

Etxeko txikienek, baina, gogokoago dute 2016an Pirritx, Porrotx eta Marimotos pailazo maitatuek egindako abestia. Brinko eta brinko jartzen dira ‘Ahoa bizi, Belarriak prest!’ entzun orduko. Abestiaren arrakasta nabaria da, YouTuben bakarrik 800.000 ikustaldiak gainditu baititu.

Euskaraldiak 2016tik aurrera herriz herri hedatzen joan diren aktibazio sozialeko esperientzietan du jatorria, baina oraingoan hamaika egunez Euskal Herri osoan aldi berean izango da ariketa.

Babes zabala jaso du gainera ariketa honek, izan ere hamaika erakunde eta entitate daude Euskaraldia sustatzen. Tartean, Euskaltzaleen Topagunea, Kontseilua, Nafarroako eta Lakuako Gobernuak, Euskararen Erakunde Publikoa eta Herri Elkargoa, Euskaltzaindia, Eudel edota UEMA.

Herriz herri, kalean, ikastetxeetan eta lantegietan Euskaraldia sustatu eta aho bizi eta belarri-prest izango diren protagonistak erakartzeko lan andana egin dute.

Giroa dezente berotu dute Atarrabian, adibidez, ‘Grease’ filmaren kanta batean oinarritutako ‘Euskaraldia Grease!’ bertsio berezi honekin.

 

Valentziatik gurera etorritako bizilagunaren historia jasotzen duen bideo honekin girotu dute Bermeo Euskaraldiaren atarian.

Oiartzunen, aldiz, flashmob hau zabaldu Olarri Dantza taldeak.

Usurbilen ere bideo ederra egin dute herritarrak Euskaraldiara gonbidatzeko.

Ekimen, hitzaldi edota bideo mordoa egin dira asteotan Euskal Herri luze zabalean. Youtuben jasotzen direnak adibidez ikusi HEMEN.

Euskaraldia leku eta esparru anitzetan sumatzen da. Kirolean, esaterako, gure herriko futbol talde esanguratsuenek bat egin dute ekimenarekin.

Ipar Euskal Herrian, ostera, euskaraz aritzen diren kazetarien biltzarra egin dute Euskaraldiaren atarian.

Nafarroan, aldiz, zientzialari eta teknologo euskaldunen biltzarra egin dute Planetarioan.

Euskara praktikan jarri nahi duten herritarrak izena emateko tenorean dira oraindik. Horretarako, webgune orokorrean zein herriz herri jartzen ari diren postu eta lekuetan datuak eman beharko dituzte, eta Euskaraldian zehar erabiliko duten txapa jasoko dute bueltan.

Euskaraldia, gainera, Europa eta Ipar zein Hego Amerikako hainbat txokotara ere iritsiko da. Etxepare Euskal Institutuak munduan zehar sare akademiko horren bidez euskara ikasten ari diren 1.500etik gora ikasleen artean ere zabalduko du ariketa kolektibo hau.