Gazteekin indarkeria sexistaren prebentzioa lantzea bultzatuko du Beldur Barik amaiera jaiak
Emakunderen Beldur Barik programaren amaiera jaia ospatuko dute larunbatean Gasteizen. Beldur Barik programak 58 udalerritako gazteen 309 ikus-entzunezko lan jaso ditu eta etzi sari-banaketa egiteaz gain, tailerrak eta kontzertuak izango dira arabar hiriburuan.
Emakundek bultzatutako eta hiru Foru Aldundien eta Eudelen parte-hartzearekin Beldur Barik 2018 programaren amaiera ospatuko da larunbatean Gasteizen burutuko den Topaketan. Gaur goizean aurkeztu dute arabar hiriburuan.
Beldur Barik programak 58 udalerritako 309 ikus-entzunezko lan jaso ditu. Lan horietan neska eta mutilek erakutsi dute nola egiten dieten aurre ezberdintasunezko eta indarkeriazko egoerei, errespetuan, parekidetasunean, askatasunean eta autonomian oinarritutako jarrerekin.
Programak gazteei, indarkeria sexista identifikatzeko eta horiei Beldur Barik Jarrerarekin aurre egiteko tresnak eskaintzeko helburua dauka. Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, erakundeek puntu lila erabiltzera deitu dituzte herritarrak emakumeenganako indarkeriaren aurka daudela erakusteko.
Izaskun Landaidak, Emakundeko zuzendariak, azaldu duenez, «aurkeztutako lanetan ikusten da gazteek geroz eta hobeto identifikatzen dituztela indarkeria sexista eragin dezaketen desberdintasun faktoreak eta hauei aurre egiteko jarrera agertzen dutela». Lan horietan, hainbat gai jorratu dituzte. «Egunerokotasunean bizitzen dituzten sexismoa eta diskriminazioa, kultura matxistan dauden edertasun kanonei egiten dieten kritika, maitasun erromantikoaren barnean sare sozialen bitartez bizi duten kontrola eta ahalduntze kolektiboaren barnean saretze feministaren garrantzia».
Beldur Barik bultzatzen duten erakunde guztiek nabarmendu dute gazteekin indarkeria sexistaren prebentzioa lantzearen garrantzia. «Nahiz eta gazteengan indarkeriak eragin handia izaten jarraitu, geroz eta tresna gehiago dituzte erasoak identifikatu ahal izateko», adierazi dute.
Azaroaren 24an Gasteizen ospatuko den topaketan, eztabaidak, prestakuntza tailerrak eta ikuskizun ugari izango dira. Tailerrak El Pilar Gizarte Etxean izango dira eta sari-banaketa Europa Jauregian. Herrietatik gerturatzeko doako autobus zerbitzua erraztuko da, hiru probintzietatik inolako arazorik gabe hurbildu eta bueltatu ahal izateko.
16;30etatik hasita, ekimen ugari izango dira. Besteak beste, ‘Gorputzak eta mugimendua’, ‘Maskulinitatearen Tra(n)p-ak’, lodifobia lantzen duen ‘Operación Bikini’, ‘Gorputzak astindu Hip Hoparen bitartez’ eta ‘No me la cuentes: medios, mujeres y música’ tailerrak. Beldur Barik kalejira bat ere eginen dute El Pilar Gizarte Etxetik Europa Jauregira arte, eta bertan sari banaketa bat eginen da, Zuriñe Hidalgo abeslari eta aurkezlearen eskutik. azkenik, Ziztada &Rlantz eta Annita Parkerren kontzertuetaz gozatu ahal izango da.