INFO

Hezkuntza askatasunaren kontrako erasoen beldur dira irakasle brasildarrak

Irakasleak Brasilen beldur dira Jair Bolsonaroren gobernuak nola eragingo dien. Izan ere, presidenteak hautsak harrotu dituen «Alderdirik gabeko eskolak» programaren alde egin du eta diktadura jorratzen duten testuliburuak aldatuko zituela esan zuen kanpainan.


Ikasleak doktrinatzea leporatu diete Brasilgo irakasleei. Eskuin muturreko Jair Bolsonaro presidentearen gobernuak adierazpen eta irakasteko askatasuna mugatuko dituen beldur dira. Jada ildo horretako erasoak pairatzen ari direla salatu dute.

Bolsonaroren garaipenak Legebiltzarrean «Alderdirik gabeko eskolak» lege proiektua ipini du berriro mahai gainean. Duela lau urte, 2014an, aurkeztu zuten baina 2016tik Legebiltzarreko batzorde batean blokeatuta dago. Bozketa hainbat alditan atzeratu egin behar izan dute sortutako iskanbilagatik. Baina orain Bolsonaroren talde politikoak gehiengo zabala lortu du. Gobernu programak «doktrinamendurik eta sexualizaziorik gabeko» hezkuntza jasotzen du.

Lege proiektuaren aurkariek «mozal lege» bat dela ohartarazi dute. Gela bakoitzean irakurri eta zabaldu beharreko sei ataleko eskutitz bat du oinarri. Gutunean jasotzen denaren arabera, «irakasleek ezin dute ikasturtea erabili nahi politikoak, ideologikoak, erlijiosoak eta moralak zabaltzeko» eta «familiaren balioak» lehenetsi behar dituzte.

Sozialismoa eta Askatasuna Alderdiko (PSOLen) legebiltzarkide eta Historiako irakaslea den Taliria Petroneren hitzetan, «pentsamendu bakarra» inposatu nahi dute, «desberdintasun historikoak» iraunarazteko. «Soldata eskas baten trukean lan egingo duten langileak hezi nahi dituzte eta helburu hori lortzeko bitartekaria eskola izatea nahi dute. Pentsamendu kritikoa eta aniztasuna bultzatuko duen hezkuntza sistema ekidin nahi du Gobernuak, bai ala bai», esan zion AFP albiste agentziari.

Laura Fonsecak haurtzaindegi batean lan egiten du Rio de Janeiron. Bere esanetan, aspalditik dira agerikoak adierazpen askatasunaren kontrako erasoak. «Irakasleen beldur dira. Nire lankide bat ‘ideologia’ hitza erabiltzeagatik grabatu zuten gelan. Autozentsura zabaltzen ari da. Zaila da Bolsonaroren aldeko gurasoekin mintzatzea, zeren edozein momentutan norberaren kontrako helegite bat aurkeztu baitezakete», azaldu zuen.

«Partidurik gabeko eskola bat nahi duela dio Bolsonarok, baina, benetan guztiz kontrakoa da. Gai sozialak kanpo utzi nahi dituzte», nabarmendu zuen Heleno Araujok, Irakasleen Sindikatuko presidenteak.

 

Mediku kubatarrak irlara itzultzen hasi dira

Brasilen lanean zeuden mediku kubatarrak atzo hasi ziren irlara itzultzen. Jair Bolsonarok «diktadura» baten «esklaboak» direla salatu zuen eta mediku kubatarren lan baldintzak gogor kritikatu zituen. Adierazpen horiek kubatarren duintasuna urratzen dutela erantzun zuen Miguel Diaz-Canel presidente kubatarrak eta Dilma Rousseffen gobernuarekin sinatu zuen «Mediku gehiago» programa bertan behera utzi zuen. Atzo, gaur eta bihar artean bost hegaldi daude antolatuta. Sao Paulo, Brasilia, Manaos eta Salvadorretik aterako dira Habanarantz. Denera, 8.332 mediku itzuliko dira irlara. Iristea zaila den herri pobreetan lan egiten zuten mediku kubatarrek. Bolsonarok Brasilen gelditu nahi duten medikuei asiloa emango diela adierazi du eta, dagoeneko, horiek ordezkatzeko lan eskaintza egin du Gobernu brasildarrak.

Alexandre Padilha Osasun ministro ohiak mediku kubatarrak alde egitea «zorigaiztoko» albistea dela ohartarazi du. Bera ministro zela indarrean jarri zen osasun programa hori.GARA