INFO

Nafarroako Gobernua banku publiko bat «lehenbailehen sortzera» premiatu du Ganberak

Nafarroaren garapen sozial eta ekonomikoaren eta bere produkzio sarearen zerbitzuan jardunen duen banku publiko bat sortzeko borondate politikoa eskatu du nafar Legebiltzarrak Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aldeko botoekin.

Iruñeko Parlamentua, aurreko eztabaida batean. (Iñigo URIZ/FOKU)

Nafar Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aurkako botoekin, zeinaren bidez Legebiltzarra bera premiatzen den «erabaki dezan Foru Komunitatearen garapen ekonomiko eta sozialaren zerbitzura lan eginen duen Banku Publikoa sortu beharra dagoela Nafarroan», eta Nafarroako Gobernuari «helburu hori lehenbailehen gara eta bete dezan» eskatzen zaion.

EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek bigarren puntu bat gehitu nahi izan dute, espainiar Gobernua premiatuz «Bankia finantza entitatean mantentzen duen parte hartzea baliatuz Banku Publiko bat sor dezan». Geroa Bai abstenitu egin da, eta UPN, PSN eta PPNk kontrako botoa mantendu dute eta ez da aurrera atera.

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra talde parlamentarioak sustatutako mozioak Nafarroako Kutxaren desagerpenak utzitako hutsunea aipatzen du Gobernua premiatzeko «Nafarroaren garapen sozial eta ekonomikoaren nahiz Nafarroako produkzio-sarearen zerbitzuan jardunen duen banku publiko bat bezalako finantza-tresna publiko bat berreskura dezan».

Horrez gain, «banku-oligopolio pribatuak gure gizarteko sektore garrantzitsu askoren finantzaketa premiei ez diela erantzuten» nabarmendu ostean, «borondate politikoa» eskatu dute, «behin juridikoki bideragarria dela jakinda, Banku Publiko bat kapitaliza dezan, horretarako Nafarroako Kutxa mailegu-entitate gisa desagertzeko prozesutik heldutako hondar-ondarea baliatuz».