INFO

Sareek ere jantzi dute Euskaraldiaren txapa

Ordu batzuk besterik ez dira igaro Euskaraldia abiatu denetik, baina dezente dira lehen orduetako esperientzia sarean jaso dutenak. Hemen harritu gaituzten zenbait pasarte eta atxikimendu arraro.

euskaraldia

Goizean goiz txapa jantzita kalera ateratzea berezia izan da. Ilusioz jantzi dugu ohe ondoan Euskaraldia iritsi zain genuen ikurra. Gure hizkuntzaz harro eta haren alde egiteko prest. Ederra da elkarri begiratu eta egunero ondoan izaten duzun erdal hiztunak soinean ere ikurra duela ikustea, ahoari eragin edo zu entzuteko prest dagoen kide berria. Zenbat konplizitate eta zenbat sorpresa hartuko ditugu datozen hamaika egunetan!

Sareak ere euskaraz mintzo dira, atzo baino ozenago bai. Magiaz mintzo da bat baino gehiago. «Magia gertatu da gure etxean: bizitza osoan elkarri gazteleraz hitz egin arren, goizean goizetik belarriprest den amarekin euskaraz hitz egiteari ekin diot!», deskribatzen du batek Facebooken.

Batek baino gehiagok jaso du sareetan lehen orduetako esperientzia.

Ertzainek baina ezin dute ahobizi edo belarriprest izan, ez behintzat txapa soinean eramanda. Izan ere, ELAk salatu duenez, Lakuako Segurtasun Sailak ertzainei Ahobizi eta Belarriprest txapak jartzea debekatu die.

Euskaraldiak lortutako azken atxikimenduen artean, gure arreta erakarri du Vox alderdiak emandakoa.

Zeresana eman du txioak, noski.

Sarean ere ahobizi eta belarriprest izateko deia egin du Euskaraldiak eta zenbait aholku eman ditu egiteko horretarako.

Ahobizi eta belarriprest diren horientzat Euskaraldiaren gomendioak izeneko ekimena jarri du martxan @anai_tze Twitter erabiltzaileak. Pelikula bat, liburu bat eta kanta proposatzeko deia egiten die jarraitzaileei

Zenbait gomendio jaso ditu bueltan.

Baditugu beraz astebururako gomendio ederrak.