INFO

Ugaitz Errazkin absolbitu du Auzitegi Nazional espainolak

Auzitegi Nazional espainolak ebatzi du ez dela frogatu Ugaitz Errazkinek Lazkaoko PSEren egoitzaren aurkako atentatuan parte hartu zuenik eta absolbitu egin du. Hernaniarra joan zen azaroaren 8an epaitu eta egun berean aske geratu zen.

Ugaitz Errazkin azaroaren 8an, aske geratu ostean.

Auzitegi Nazional espainolak absolbitu egin du Ugaitz Errazkin hernaniarra. Preso ohia joan zen azaroaren 8an epaitu zuten Madrilen, 2009ko otsailaren 23an Lazkaon PSEren egoitzaren aurka izan zen atentatuan parte hartzea leporatuta. Fiskaltzak 23 urteko espetxe zigorra eskatzen zuen Errazkinentzat, talde «terroristako» kide izatea eta kalte handiak eragitea egotzita.

Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak, ordea, ebatzi du ez del frogatu eraso horretan parte hartu zuenik eta errudun jo du. Talde «terroristako» kide izatearen akusazioari dagokionez, epaimahaiak kontuan hartu du Estatu frantsesean delitu berdintsuagatik zigortu zutela –gaizkile taldeko kide izatea– eta kondena bete zuela, eta «epaitutako gauza» dela ebatzi du.

Hernaniarra joan zen apirilean espainiaratu zuten atentatu harengatik epaitua izan zedin. Azaroaren 8an epaitu zuten eta egun horretan bertan epaimahaiak aske uzteko agindu zuen. Epaia gaur eman dute ezagutzera.

Maria Jose Rodriguez, Maria Riera eta Juan Pablo Gonzalez epaileek kontuan hartu dute Errazkinek epailaren aurrean ez zituela berretsi poliziaren egoitzan egin zuen deklarazioa. Gainera, perituen eta inteligentzia zerbitzuen txostenetan Errazkin atentatu harekin lotzen duten froga zuzenik ez dagoela nabarmendu dute. 

2012ko ekainean atxilotu zuten hernaniarra Albin, Okzitanian, eta espetxeratu egin zuten.