Bi xederekin joan, bi lorpenekin itzuli
Valentzian eskuratutako garaipenak Kopako final-laurdenak lehiatzekotxartela ez ezik, behar zuten bultzakada animikoa ere eman zien zuri-urdinei.
Sailkapena eta bultzakada animikoa. Bi helbururekin bidaiatu zuen Realak asteburuan eta biak eskuratu zituen. Valentziaren aurkako garaipenak Kopako final-laurdenetarako txartela eman zion eta, emaitza hori lortzeko moduak, azken asteotako sentsazioak eztitzeko.
Banaezinak dira lorpen biak baina, «Kopak ilusio handia pizten» duela onartu arren, Mariasun Quiñonesek garaipenaren ondorio ukigaitzak azpimarratzen ditu. «Helburu biekin joan ginen baina batez ere bultzadatxo hori eskertzen dugu, nire ustetan. Azken partidetako sentsazioak ez dira izan aurreko jardunaldietakoak bezalakoak eta Valentzian gertatutakoa oso baliotsua izango delakoan nago».
«Zer» eta «nola» horiengatik. Izan ere, Reala markagailuan aurreratu zen baina, azkenaldi honetan behin baino gehiagotan gertatu den bezala, aurkariak berdindu egin zuen. Kasu honetan, halere, zuri-urdinak aurre egin eta garaipena eskuratzeko gai izan ziren. Horregatik, Quiñonesek «batez ere taldeak ez zuela amorerik eman» azpimarratuko luke. «Batzuetan saiatzen gara baina ez dugu ezer lortzen. Igandean jarraitu genuen berriro aukerak sortu arte eta ez genuen amore eman bigarren gola sartu arte. Taldearen irudia oso ona izan zen, borrokan egon ginen, intentsitate handiz, tentsioaz... eta gainera heldutasuna demostratu genuela esango genuke, komentatu dugun horregatik, berdindu zutenean aurreko hainbat partidatan gertatutakoa ahaztu eta aurrera egiteko gai izan ginelako».
Paternan gertatutakoak, hasteko, asteari «irribarre batekin» ekiten lagundu die zuri-urdinei. Eta atezainak espero du bere onurak datorren larunbateko neurketaraino luzatu ahal izatea. Laguntza guztiak ongietorriak izango dira, Realak Atletico bisitatuko baitu. Seguruenik, errealitateak ez badu teoria ezeztatzen, denboraldi osoko partidarik zailena. «Baliteke, are gehiago bere zelaian jokatuta. Txapelduna da, liderra, gol asko sartzen ditu eta gutxi jaso... Argi dago zaila izango dela. Baina azken urteotan –gogorarazi du hondarribiarrak– partida onak jokatu ditugu euren kontra, irabazi egin diguten arren, emaitza justu xamarrak izan dira. Eta errespetuarekin aritzen direla ikusten da, hori ere kontuan hartu beharrekoa da. Beraiek aurkari zaila garela pentsatzen dute eta guk ere gauza bera argi eduki behar dugu, gurean sinistu eta lan egin behar dugu».
Eta lanaz eta mentalizazioaz gain? Nola irabazi halako talde bati? «Partida bakarra galdu dute, Bartzelonarekin; argi dago erraza ez dela. Gure jokoa egiten saiatu behar gara, baloiarekin erosoago sentitzen gara. Eta aldi berean, zuzen, azkar eta jende askorekin egiten dutela eraso jakinda, argi ibili horrelakoetan baloia lapurtu eta kontraerasoan bizkor irteteko. Eta defentsan tinko egon eta erasoan aukerak aprobetxatu. Laburbilduz, partida biribila egin», onartu du.
Bartzelonaren kontra jokatutakoak lagundu dezake. Emaitza etsigarria izan bazen ere, eta akatsak egin zirela ukatu barik, neurketak alde positiboak ere utzi zituen. «Emaitzak golak islatzen ditu, baina ez jokoa –esan du, ildo berean, atezainak–. Egia da defentsiboki agian urteko partidarik kaxkarrena izan zela eta horrelako aurkari baten kontra... Baina guk ere bi gol sartzeko gaitasuna eduki genuen, aukera gehiago sortu ere bai, besoak ez genituen jaitsi... Akatsetatik ikasten badugu, eta uste dut Valentzian ikusi zela horrela egin dugula, eta ondo egindakoak ere gogoratzen baditugu, ondo etorriko zaigu».
Atleticoren aurka eta 2018ko azken txanpan ere. Bost partida falta dira urtea eta lehen itzulia amaitzeko eta «ezinbestekoa da esfortzu bat egitea. Pena izango litzateke orain iluntzea denboraldi hasieran hain ondo egin duguna. Azken txanpa honetan gogoz saiatu behar gara».