INFO

Euskaraldia, hamaika egun, hamaika bizipen

Euskaraldiaren lehen bost egunak gaindituta, barneratuak ditugun inertziak aldatzea zein nekeza den aitortu eta bidean hartutako sorpresak azaleratu dituzte askok sare sozialetan. Bizipen eder horien bilduma da honakoa.

Euskaraldiaren irekiera ekitaldia, Elgoibarren. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Seigarren eguna du gaur Euskaraldiak eta beraz, ekimenaren erdigunean aurkitzen gara. Hamaika egunez bederen, norberaren hizkuntza ohiturak aldatzea du asmo aktibazio ariketa honek. Izan ere, bakoitzak bere inertziak astinduta, denen artean euskararen erabilera areagotzea da benetako erronka.

Ostiraletik milaka eta milaka lagun ari dira egunero, aho bizi edo belarri-prest txapa soinean, euskaraz bizitzeko ahalegina egiten. Bakoitzak noski, ahal duen neurrian, batzuk mingaina dantzan jarriz eta besteak entzumena finduz.

Gainditu ditugu lehen bost egunak eta askorentzat eraldatzailea izaten ari da ekimena. Orain arte ohikoak ez ziren elkarrizketa elebidunak eman dira han eta hemen, sorpresa eta konplizitate berriak aurkitu ditugu ustez erdal hiztunak ziren horietan eta euskarari esparru berriak ireki zaizkio egunotan.

Herritarrek pozik, Euskaraldiak eskainitako bizipenak partekatu dituzte sarean. Barren barreneraino sartuak ditugun inertziak aldatzea zein nekeza den aitortu du batek baino gehiagok. Espazio ezezagunetan lehen hitza euskaraz egitea edo erdaraz mintzo den belarri-prest-arekin euskaraz jarraitzearen zailtasunak jaso dituzte askok.

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko Lehendakaria da eta harentzat ere pertsona askorekin ohiturak aldatzea gaitza dela onartzen zuen txio batean.

Zailtasunak zailtasun, gure hizkuntza ohiturak aldatuta bost egun hauetan hartutako sorpresak asko eta ederrak izan dira. Hala jaso dituzte sarean.

Ander Lipus antzerkilaria barruraino sartuta dago Aho biziren paperean eta Euskaraldiaren zenbait pasarte jaso ditu bere Twitter kontuan.

Herritar askok, halaber, euskarak zenbait esparrutan duen presentzia eskasa ere azaleratu eta salatu dute.

Euskaraldiaren indarra baliatuta, euskara esparru berrietara eramateko proposamena luzatu du batek baino gehiagok.

Kike Amonarrizek atzera begira jarri eta Euskaraldiaren historiari erreparatu nahi izan dio.

Umorea bederen ez da falta Euskaraldian. Hona hemen alaba ahobizi eta aita belarriprest baten arteko elkarrizketa.

Asko eta askotarikoak dira Euskaraldiak eragin dituen bizipenak eta horiek bildu eta jasotzeko asmoz Euskaraldiak berak bere web orrian 11 egunetan hamaika bizipen atala osatu du, herritarrek euren bizipenak eta estrategiak partekatzeko.