INFO

Biharamuna debekatuta

Gorri-urdinek aurreko larunbatean gertatutakoa alde batera utzi nahi duten arren, Vallecasen joko maila hori mantentzea espero dute.


Garaipen itzela lortu zuen Eibarrek Real Madrilen aurka. Baina haren ondorio guztiak onak izan daitezen, orrialdea pasatu behar dute gorri-urdinek. Biharamuna pasatuta egon behar da dagoeneko, goranzko ibilbide honi Vallecasen jarraipena eman nahi badiote.

Hori izan da Jose Luis Mendilibarren «asmoa eta beharra» egun hauetan, entrenatzaileak berak aitortu duenez. Eta horregatik, aste honetan aurreko partidari buruz egin duen aipamen bakarra lehen lanegunean egin zuen. «Gauza bakarra esan nien jokalariei –azaldu zuen–. Oso ondo egin zutela Real Madrilen aurka, baina orain Rayon pentsatu behar dugula. Denboraldiko lehen partida Huescaren aurka galdu genuen, eta Rayoren antzeko egoeran dago. Lokartzen bagara, badakigu arriskua zein den. Eta kitto. Gainontzeko guztia beste edozein astetan bezala izan da».

Gauza bera gertatzen da Eibarrek Madrilera eramango dituen asmoekin. Mendilibarrek joan den astean emandako prentsaurrekoaren diskurtsoa berreskuratu eta goitik behera errepikatuz gero, emaitza atzoko adierazpenak izango lirateke. «Nire taldea inporta zait, zer eta nola egiten duen», «ez dugu ezer aldatuko aurkariaren edo agertokiaren arabera», «gogoz zelairatu behar gara», «aurrean presionatzen saiatu behar gara, hegaletatik heltzen, erdiratzen, jokaldiak amaitzen eta, beharra dagoenean, atzera azkar egiten»... Hitzez hitz. Ia hitzez hitz, kasu honetan aurkariaren jokoa armaginen estiloarentzat aproposa izan daitekeela onartu baitu. Rayori, izan ere, «baloia atzetik jokatzen ateratzea gustatzen zaio eta aukera hori eskaintzen digu». Horrek ez du garaipena ziurtatzen, «saiatu arren batzuetan ondo irteten delako eta beste batzuetan ez. Eta aurrean gauzak ondo egiten saiatuko diren hamaika jokalari dituzulako ere; eta batzuetan zuk baino hobeto egiten dituzte gauzak».

Rayori aurten ez zaio horrelakorik askotan gertatu, batez ere etxean. Vallecasen ez du oraindik partida bakar bat irabazi. Mendilibar ez da estatistikez fidatzen, «horrek esan nahi duelako lehen garaipena gertuago daukatela», ez eta, oro har, madrildarrak lortzen ari diren emaitza kaxkarrez ere. «Oso aurrelari arriskutsuak ditu, azkarrak, eta partida guztietan izan ditu oso joko oneko faseak», azpimarratu zuen.

Baina ez du markagailuetan islatu eta aurkariekin aldea sailkapenean gero eta handiagoa da. Hamaika puntukoa, hain zuzen ere, Eibarrekiko. Gipuzkoarrak denboraldi ona egiten ari diren seinale. Vallecasen irabaziz gero, 21 puntu edukiko dituzte eta «bide erdia ibilita izango dugu, 24 jardunaldiren faltan –poztu zen Mendilibar–. Beste erdia egin beharko dugu oraindik baina argi dago puntuazio ona dela eta denboraldiaren balorazioa, momentuz, oso positiboa dela».

Ez dago pista askorik, bestetik, zaldibartarrak zelairatuko duen hamaikakoari buruz. Diop eta Arbilla bueltan daude, zigorra bete ondoren –Milla eta Cardonaren lekua hartuz deialdian– baina baliteke hasierako taldean aldaketarik ez egotea.

 

Abonatuen lekualdaketa

Eibarrek aste honetan eraitsiko zela iragarri batzuen ere, Mendebaldeko Harmailak zutik jarraitzen du. Badirudi, hala ere, laster hasiko direla eraiste lanak.

Hango abonatuei, behintzat, bi partida besterik ez zaizkie geratzen euren ohiko eserlekuetan. Klubak atzo jakinarazi zuenez, azaroaren 9an Levanteren aurka jokatuko den partidaren ostean hasiko dira eserleku berrietara mugitzen. Udan gauzatu zen harmaila horretako abonatuak birkokatzeko prozesua.

Abonamendua azken bi urteotan egin dutenek ez dute aukera hori edukiko, denentzako lekurik ez baitago gainerako harmailetan. 19/20 denboraldian, harmaila berreraikita dagoenean, abonamendua berreskuratu ahalko dute eta bitartean, klubak hainbat abantaila (prezio merkeagoak sarrerak erosteko, lehentasuna sarrerak lortzeko...) eskainiko diela aurreratu du. Informazio bulegoa ere zabalduko du hirigunean, behar duenak zalantzak argitu ditzan. A.U.L.