INFO

Armiñon eta Burgos arteko AP-1eko zatia doakoa da dagoeneko

44 urtez indarrean egon den bidesaria kenduta, gauerditik doakoa da Armiñon eta Burgos arteko AP-1 autobideko zatia, kontzesioa amaituta Estatuaren esku gelditu baita. Normaltasuna izan da nagusi lehen ordu hauetan. 

Gauerditik doakoa da AP-1 autobidea, Armiñon eta Burgos artean. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Iragan gauerditik doakoa da Armiñon eta Burgos arteko autobidea (84 kilometro guztira), kontzesioa amaituta, 44 urtez bertan egon den bidesaria kentzea erabaki baitzuen ekainean Sustapen Ministerio espainiarrak.

20.000 ibilgailutik gora igarotzen dira autobidearen zati horretatik egunero, baina ibilgailu astun ugarik N-1 errepidera jotzen zuten bidesaria ordaindu behar ez izateko.

Autoek 12 euro ordaintzen zituzten eta kamioiek, aldiz, 24,75. Bidesaririk gabeko lehen ordu hauetan trafikoa zaintzeko operatibo berezi bat prestatu duten arren, normaltasuna izan da nagusi.

Errepidearen doakotasuna eskatzen zuen plataformak pozez ospatu du neurria abian jarri izana. N-1 errepideak hartzen zuen gehiegizko trafikoaren ondorioz –10.000 ibilgailu inguru, erdiak astunak– azken hamarkadetan izan diren istripu larriak ahazteko esperantzarekin ere agertu dira.

Gobernu espainiarrak Gaztela eta Leonen daukan ordezkaritzaren ustez, 7.000 ibilgailuk utziko diote N-1 errepidea erabiltzeari, baina argi esan dute estimazio bat besterik ez dela eta gertatzen dena arretaz jarraituko dutela azpimarratu dute. 

Armiñongo ordainlekuen inguruan auto pilaketa luzeak sortu ohi dira opor garaietan, ibilgailuen joan-etorria handia denean.