INFO
Entrevue
JOHN SAXE-FERNÁNDEZ
MEXIKOKO UNAM UNIBERTSITATEKO KATEDRADUN ETA IKERTZAILEA

«Mexikon abian dagoen sarraskia etetea da orain garrantzitsuena»

Costarricarra jaiotzez, Mexikoko herritartasuna dauka John Saxe-Fernandezek. Latinoamerikako Ikasketetan doktorea da UNAMen. Ezin konta adina liburu eta prentsa artikulutan aztertu du Mexiko eta AEBen arteko harremana.


Abenduaren lehen egun honek mugarri bat markatuko du Mexikoko historian, iragan uztaileko hauteskundeetan mapa politikoa astindu eta alde handiz irabazi zuen Andres Manuel Lopez Obradorrek presidente kargua hartuko baitu. Bozetan gailendu zen unetik tsunami baten gisan honi eta hari buruzko iragarpenak egiten aritu den Morena (Nazio Birsortze Mugimendua) alderdiko buruzagiarentzat iritsi da egiaren unea, PRI Alderdi Iraultzaile Instituzional zaharreko Enrique Peña Nietoren lekukoa ofizialki hartuta.

Herrialdeak bizi duen indarkeria egoera larria, zor publiko eutsiezina, iparraldeko bizilagunarekiko harremanak… Ez dira gutxi Lopez Obradorrek dituen erronkak, bere garaipenak piztu duen itxaropenaren bestekoak, behinik behin. Are gehiago egokitu zaion nazioarteko testuingurua oso lagungarri izango ez zaiola aintzat hartuta. Kontu horietaz mintzatu gara John Saxe-Fernandez katedradunarekin, Euskal Herrira egin duen bisita baten baitan.

Presidente kargua hartzen dueenean, zein da Andres Manuel Lopez Obradorrek, AMLOk, aurkituko duen herrialdea?

Hasteko, sarraski baten erdian dagoen herrialde batekin egingo du topo: 200.000 hildako, indarrez desagerrarazitako 40.000 pertsona eta narkotrafikoaren aurkako gerra baten aitzakipean orokortutako errepresioarekin. Hori da bera babestera eraman nauen arrazoi garrantzitsuenetako bat, aferaren multidimentsionalitatearen inguruan koherentzia pixka bat erakusten duen bakarra delako. Herrialdearen barneko egoerarekin zerikusia dauka, baina baita Estatu Batuen indarrezko diplomaziak Mexiko edo Kolonbia bezalako herrialdetan daukan proiekzioarekin. Han Kolonbia Plana daukate eta guk Merida Ekinbidea, gutxi gora behera interbentzionismo eredu berari erantzuten diotenak.

Horrez gain, bi prozesuk bat egin dute: alde batetik, 90. hamarkadan gaizki deitutako neoliberalek sustatutako merkatu-fluxuen desregulazioa eta, bestetik, 2004az geroztik ematen dena, AEBetan asaltorako armak debekatzen zituen legea (Assault Weapons Ban, AWB) kitatu zenean. Arau hura 1994an sartu zen indarrean, hamar urterako, eta «Baby Bush»-i [George W. Bush] zegokion hura berritzea, baina nahiago izan zuen ezer ez egin eta bere arrantxora joatea. Hala, debeku hura bertan behera gelditu zen eta Mexikoranzko asaltorako armen fluxu masibo bati ateak ireki zitzaizkion, gure egunetara arte hazten joan egin dena.

Hori da, beraz, aurkituko duen egoera, laguntzeko inolako asmorik ez daukan bizilagun bat, geratzen ari den giza katastrofearen aurrean enpatiarik ez daukana. Badirudi Mexikon dagoen kaos eta indarkeriarentzako bizigarriaren parte dela.

Eta alde ekonomikoari erreparatuta?

2012an oligarkiaren azken ordezkaria, Enrique Peña Nieto, boterera iritsi zenean zor publikoa lau eta bost bilioi peso artekoa zen; egun 10 bilioikoa da [500.000 milioi dolar inguru, Barne Produktu Gordinaren -BPG- %43, gutxi gorabehera].

Horri erantsi behar diogu Morenako senatariak bankuek kobratzen dituzten gehiegizko komisioen inguruan eztabaida abian jarri zutenean gertatutakoa, ordainketa horiek BPGaren ehuneko garrantzitsu bat supoosatzen dutelako. Burtsak sei puntu egin zuen behera. Komubikabideek sarri aipatzen dute merkatuen ezinegona, merkatuak haserre daudela... Antropomoforfizazio prozesu bat ematen da, zeinaren atzean diziplina jartzeko ariketa bat baino ez dagoen. Morenari esaten ari zaizkio bankuen sektorea ezin dela arrosa petalo batekin ukitu.

Ondorioz, Lopez Obradorrek esan zuen hiru urteko epean ez duela norabide horretan lege aldaketarik egingo, eta horrek kritikak eragin zituen. Gainera, Morenaren Senatuko koordinatzaileak, Ricardo Monrealek, esan du Botere Legegilea eta Exekutiboa independenteak direla eta, presidentearekin arazorik ez daukatela esan duen arren, ekimenarekin aurrera egiteko prest agertu da.

Testuinguru honetan, Mexikoko Bankuak (Banxico) interes tasak igo ditu, garapena eta inbertsio publikoa sustatzeko Lopez Obradorrek abian jarri nahi duen programa mugatzeko asmoz. ‘Hemen gaude’ esateko modu bat da.

Dagoeneko jarri dizkioten oztopoak eta oligarkiak daukan indarra ikusita, zenbaterainokoa izango da Gobernu berriak bestelako politika ekonomiko bat bultzatzeko gaitasuna?

Une hauetan, jaso zuen boto uholdearen indarra dauka. Mexikoko lumpenburgesia ere inarrosi zuten emaitzek. Eskualdean inoiz ikusi gabekoa zen norbaitek 30 milioitik gora boto jasotzea, %54ko babesarekin. Pentsa, 1933an, Beheraldi Handiaren ostean Rooseveltek lortu zituen 26 milioi botoak baino ez zaizkio marka horri gerturatzen.

Orain arte Lopez Obradorrek eta Donald Trump AEBetako presidenteak izan dituzten kontaktuak adeitsuak izan dira. Zein da bi gobernuen artean espero daitekeen harremana?

Lehenik eta behin, munduarekin elkar eragiteko aukerak itxi ez diezazkioten lortu behar du Lopez Obradorrek, AEBetan hain kontzentratua egongo ez den merkataritza bat garatzeko. Egun, esportazioen %80a Estatu Batuetara doa eta honek estu lotzen du Mexiko.

Horregatik, guztiz beharrezkoa da AEBekin eta Kanadarekin hitzartutako TLCAN (Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna) berriaren testu osoa berrikustea, 32. kapituluko 10. klasulak AEBen basailu bihurtzen gaituelako.

Zuzenean aipatzen ez bada ere, Txinarekin merkataritza libreko itun bat da ekidin nahi dena, gerra komertzial baten mehatxupean. Lehen aipatzen nizun esportazioen %80 horrekin ari dira mehatxu egiten.

Garrantzitsuena da ate horiek ixten ez uztea.

Ekonomia kontuetatik harago, pentsatzekoa da bi gobernuek migrazioa bezalako gaietan talka egingo dutela, migratzaileen karabanarekin ikusten ari garen moduan...

Ikusi beharko dugu, baina migrazioaz harago, kanpo-politikaren oinarrizko printzipioetan desberdintasun nabarmenak daude, hala nola, nazioarteko harremanetan indarkeriaren erabileraren edo Nazioarteko Zuzenbidearekiko errespetuan, AEBek, gerran egon gabe, herrialdeak bonbardatzen jarraitzen duten bitartean.

Kargu-hartze ekitaldian [Venezuelako presidente] Nicolas Maduroren presentziaren inguruan gertatuakoan ere alde handia hautematen da. Mexikon bizi diren venezuelarren eta, [ Jose Maria] Aznar buru zela, Iberoamerikako 19 agintari ohiren aldetik eskaera histeriko bat egon da, Lopez Obradorrek eta Bolsonarok [Brasilgo presidente hautatuak] Nicolas Maduro ez zezaten kargu-hartze ekitaldietara gonbidatu, gogoratuz bi herrialdeak Limako Taldearen baitan daudela eta, hortaz, hainbat konpromiso hartuak dituztela. Lopez Obradorrek erantzun zien mundu guztiko gobernuei egin zaiela gonbitea eta Mexiko ez dela besteen barne arazoetan sartzen, berarekin ere hori egitea nahi duelako. Hortaz, gonbitea mantendu egin du eta Latinoamerikako herrialdeekiko harremana definitzen joateko modu garrantzitsua da hori.

Aipatutakoak adibide batzuk baino ez dira.

Mexikoren egoerari begira, hildako eta desagertutakoek kopuruak tragedia bat erakusten du argiki. Egun dagoen zigorgabetasun eta ustelkeria maila aintzat hartuta, zein modutan egin beharko litzaioke aurre barne politikari?

Abian dagoen sarraskia etetea da garrantzitsuena. Armen fluxua eta diruaren zuritzea dira ditugun arazo garrantzitsuenetakoak. Ildo horretan lan egin behar da.

Baina erailtzen den narratibari erreparatzea interesgarria da, aurrerantzean ongizatea sortzera bideratutako politika ekonomiko bat ezarriko dela esaten delako. Ez da asistentzialismo hutsa, enplegua eta ongizatea sortzea da. Ikasleak heztea eta lanbide bat aurkitzen laguntzea narkotrafikoari pertsonala kentzeko modu bat da.

Marihuana legeztatzeko ematen ari diren urratsak edo mitxoleta plantazioetan jarduten duten nekazariei bideratuta planteatu diren irtenbideak oso elementu garrantzitsuak dira, besteekiko aldea markatzen dutenak. Giza hondamendiaren jatorrian dauden egiturazko arazoetara joan nahi du eta horrek neoliberalismoarekiko aldaketa susbtanzial bat ere badakar.

Gobernu honek ongizatea eta enplegua sortzera bideratuta ez dagoen politika makroekonomiko bati ere egin beharko dio aurre, espekulazioa, desregulazioa eta pribatizaziora zuzendutako politika dago indarrean. 36 urte daramatzagu horrela eta emaitza katastrofe bat izan da.

Behin eta berriz esan du AMLOk ez duela ustelkeriarik onartuko, baina aferari buruzko galdeketa bat agindu badu ere, esan du ez dela lehendakari ohiak ikertu eta, hala balegokio, epaitzearen aldekoa. Ez al da mezu kontraesankorra?

Hala uste dut, baina hartu ditu pozgarriak diren erabakiak ere. Abididez, UNAMeko Ikerketa Sozialetako Institutuan ustelkeriaren arazoa sakonki landu duen Irma Erendira Sandoval jarri du Funtzio Publikoko Idazkaritzaren buruan, eta sail horri dagokio, hain zuzen, auditoretzak egiteko ardura izango duena.

Guardia Nazionalaren sorreraz ere galdeketa egingo bide du, baina herrialdearen militarizazioa dakarrela diotenen aldetik kritika zorrotzak jaso ditu jada. Ados zaude?

Hein batean. Segurtasun gaietarako Lopez Obradorren aholkulariak, Gertz Manerok, dio polizia indar bat behar duela ja eta ez daukala prest. Hortaz, Polizia Militarretik, Itsas Armadatik eta Polizia Federaletik behar bezala prestatuta daudenak hartuko ditu, aurrerantzean 50.000 lagun gehiago errekrutatuz. Helburua da polizia lanetarako formakuntzarik ez daukaten soldaduak kaleetatik ateratzea.

Indar berri hori Sedena Defentsa Nazionaleko Idazkaritzaren egituran txertatuko litzateke eta, Lopez Obrador, indar armatuetako komandanteburua izango den arren, ekimena militarren esku geldituko litzateke.

Mexiko Hiriko gobernuburua izan zenean [2000-20005], segurtasunaren arloan eta indarkeriari aurre egiteko ezarri zituen neurriak arrakastatsuak izan ziren.

Kritikoek esaten dutenez, azken urteek frogatu dute narkotrafikoaren aurkako borroka militaritzea hondamendia dela. Ikusiko dugu zer gertatzen den, baina herrialdearen militarizazioak arduratu egiten nau, planteatu diren kritikak arreta handiz irakurri ditudalako eta zentzu handiz eginikoak direla uste dudalako.