INFO

Ikasleena da gaur Durangoko Landako gunea

Areto hutsa, oihalak liburu eta disken gainean, rock musika hondoan, langileak azken ukituak ematen. Horrela zegoen Durangoko Landako Gunea 9.30etan. Kalean gaztetxoak multzoka mugitzen ziren. Ordubete beranduago ezinezkoa zen standak lasai begiratzea, jendetza zebilelako.

Ikasleak dira protagonistak Durangoko Azokaren irekieraren egunean. (@durangokoazoka)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Durangoko Azokaren 53. edizioa hasi da. Inaugurazio ofiziala arratsaldean izango bada ere, gaztetxoak goizetik ari dira literaturaz eta musikaz bustitzen. Tailer ugari daude beraientzat prest, eta taldeka banatu dira horietan. Bestalde, standak garaiz zabaldu dituzte nobedareak aztertu ditzaten.

Jolasak prestatu dituzte, teknologia berrien aro honetan gaztetxoak literaturara gerturatzea erraza ez dela jakinda. Eskola batzuek galderak prestatu dituzte, standetan dauden langileei zein bisitariei egiteko. Beste batzuek, ginkana moduko bat dute eta stand batetik bestera korrika batean ibili dira informazio bila. Erdi-erdian brailez idatzitako liburuen txoko txiki bat jarri dute, nahi duenak bere izena hizkuntza horretan nola idazten den ikas dezan. Jakinmina piztu du eta ilara sortu da idazmakina bitxi horren inguruan. Jolas moduan jasoko duten guzti hori nahi gabe barneratuko dute eta ikasiko dituzte argitaletxeen zein egileen izenak, eta gaur eta atzoko musikaren doinuak.

Tailerretan tonu intimoagoa lortu dute. Kanpoko zoramena alde batera utzi eta talde txikietan pilatu dituzte ikasleak, euren gustuen arabera. Ahotsenean Yurre Ugarte zegoen ipuingintza tailerra eskaintzen. Platerunean, gauean uneko musikaririk onenen kontzertuak eskaintzen dituen plazan, (gaur Huntza) euskal kantak transmititzeko kontzertua egin dute, bi txandatan, DBH eta batxilergoko ikasleentzat. Irudienean zinemagintzan soinu efektuak nola lortzen diren azaltzen egon dira Zineuskadiko lagunak.

Gazte edo heldu, euskal kultura bertatik bertara ezagutzeko aukera aparta zabaldu zaigu gaur. Arratsaldean ere tailer gehiago izango dira, beraz, gerturatu Durangora, eta gogoratu 19.00etan inaugurazioa izango dela. Arratsaldean ere motxiladun haurren egoera azaltzen duen ‘Maritxipi eta amatxo’ liburua aurkeztuko dute pailazoek eta Joxemari Carrere ipuin-kontalariak; Diana Francok teknologiari buruzko solasaldia eskainiko du; Thierry Biscary, Joseba Tapia, ‘Entzun!’ aldizkaria, besteak beste, euren proiektuei buruz mintzatuko dira; eta ‘Atsolorra’ laburra edota ‘Sarkor, garena gara’ dokumentala proiektatuko dituzte.