INFO

Animoak sarean, Belgikan ospitaleratua dagoen Junkerarentzat

Kepa Junkera bizkaitar trikitilariak Belgikan ospitaleratua jarraitzen du, asteazkenean iktusa izan eta gero. Sare sozialetan mezu mordoa aurki daitezke trikitilari bizkaitarrari animoak bidaliz.

Kepa Junkera eta Sorginak kontzertuak eskaintzekoak ziren Belgikan.

Hobera egin arren, Belgikan ospitaleratua jarraitzen du Kepa Junkera musikariak. Bilbotar musikaria kontzertu batzuk eskaintzera joan zen herrialde horretara pasa den astean eta medikuen arretapean dago bertan, iktusa izan ostean.

Asteazkenean, abenduaren 5ean ospitaleratu zuten bizkaitar trikitilaria, Belgikan ondoezik sentitu ostean, ospitalera joan eta iktusa sufritu zuela ikusi zuten. Urgentziazko ebakuntza bat egitea erabaki eta ospitaleratuta dago oraindik, medikuen zaintzapean.

Abenduaren 6an Sorginak taldearekin batera Belgikako Izegem-en ematekoa zen kontzertua Kepa Junkera, hala iragarri zuen abenduaren 5an idatzi zuen bere azken txioan. Haren konpromiso guztiak, halaber, bertan behera gelditu dira.

Atzo zabaldu zen Junkeraren egoeraren berria eta sare sozialetan mezu mordoa aurki daitezke trikitilari bizkaitarrari animoak bidaliz.

Askok Junkeraren brearen abestiak lerrootara ekarriz animatu nahi izan zuten musikaria.