INFO

1958-2018, ETAren ibilbidea amaitu da


Ez dago zalantza askorik. Euskal Herriko ibilbide politikoari dagokionez, aurtengo albiste garrantzitsuena ETAren desegitea izan da. Ez litzateke, gainera, soilik aurtengo albiste esanguratsuena, herri honen azken hamarkadotako epealdia kontuan hartuta gertakizun historikoa ere izan baita, historiako liburuetan agertzen den horietarikoa. Bata bestearen barruan dauden bi ziklo itxi dituen gertaera izan da ETAk desegiteko hartutako erabakia, egindako iragarpena. Lehena, esan bezala, 60 urteko ibilbidearena. Bigarrena, ezker abertzaleak estrategia aldaketaren beharra hausnartu zuenetik egindakoa.

Interpretazio ezberdinak egon dira, jakina; eta izan da maila horretako gertaera historiko bati eskas eta arinkeriaz erantzun dionik. Sinplekeriaz betetako bi mezu: ez da gatazka politikorik egon –beraz, gaizkile talde bat baino ez da izan ETA– eta garaituak eta garaileak egon behar dute benetako amaiera egoteko.

ETAk ere bere irakurketa zabaldu du. Horretarako, alde batetik, eztabaida prozesuaren emaitza aurkezteko hiru sekuentzia lotu zituen: Aberri Egunean, bere kideei omenaldia egin zien; apirilaren 20an eragindako kalteari buruzko adierazpena zabaldu zuen –agiriak apirilaren 8ko data zuen, urtebete lehenago izandako armagabetzea gogoratzeko asmoz-edo–; eta maiatzaren 3an desegiteko adierazpena zuzendu zion Euskal Herriari eta nazioarteko komunitateari. Josu Urrutikoetxea eta Marixol Iparragirre kide historikoen ahotsekin grabazio bat helarazi zuen hedabideetara, eta Henri Dunant Zentroaren egoitzan ere agiriaren eta erabakiaren berri eman zuten konponbide prozesuan lagun izan diren nazioarteko eragileek.

Horrekin batera, data horien bueltan, ETAk bere argudioak Euskal Herrian zabaltzeko beste bide batzuk erabili zituen. Adibidez, komunikazio bat helarazi zien hainbat euskal eragile politiko eta soziali. “Zutabe” agerkariaren azken zenbakia ere argitaratu zuen, eta, bertan, besteak beste, eztabaidaren Ondorio Txostena eta ibilbide armatuaren balantzea eskaini zituen. Galdera zaparradari erantzunez, GARAko zuzendari Iñaki Sotori elkarrizketa eman zion ETAk. Euskaraz egin zen elkarrizketa eta liburu batean argitaratu zen erabakia ezagutu eta aste gutxira. Seguru asko, datorren urtean gaztelerazko bertsioa izango da eskuragai.

Horiek denak irakurrita, erabakiaren protagonista nagusiak 60 urteko zikloari buruz ez zuela ñabardurarik gabeko irakurketa egin esan daiteke. Ez da dena ala ez ezer. Aipatutako idazki eta agerraldi horietan modu ezberdinetan adierazi du ideia bera; adibidez, GARArekin eginiko elkarrizketan: «Bideak segitzen du. Euskal Estatuaren sorrera ortzimuga duen prozesuak aurrera segitzen du. […] ETAk aurreikusten zituen erdibideko helburuak (modu ulergarrian esateko, nazio onarpena eta autodeterminazio eskubidea) ez dira oraindik eskuratu, baina horiek lortzeko sortutako aukerak izan badira. Ikuspuntu historiko batetik, ETAk bere ibilbidea hasi aurretik zegoen egoera eta zikloa itxi duenean dagoen egoera alderatuz gero, honako ondorio hau atera daiteke: hiltzera kondenatuta zegoen herri bat zegoela orduan eta bere buruaren jabe izan nahi duen herri bat dagoela orain, fase politiko bakoitzaren helburu politiko zehatzak gorabehera».

Aipatu bezala, erabakia bigarren ziklo bati ere badago lotuta, hain zuzen ere, estrategia politiko-militarretik estrategia politiko hutsera igarotzeko betetakoa. 2009an hasitako hausnarketak “Zutik Euskal Herria” ebazpena ekarri zuen 2010ean, eta haren ondotik 2011n zentzu argi batean norabidetu zuen bere jarduna ETAk, jarraian borroka armatua utziz, armagabetzea gauzatuz eta bere ziklo zein funtzio historikoari buruzko eztabaida azken bururaino eramanez. Hemen ere ez dago egia absoluturik. Izan ere, aipaturiko Ondorio Txostenak dioenez, «ETAren zikloa erabat ixtea beharrezkoa da. Beharrezkoa baina ez, bere horretan soilik, nahikoa. ETAren amaierak ez baitu, berez, halako herri suspertze bat ekarriko. Alta, prozesuan aurrerabideak lortzeko eta egoera berriak sortzeko ezinbesteko osagaia da gure erabakia. Uzta epe luzeagoan jasoko dugu».

Dela prozesu luze baten ondorioz egin zelako (barne eztabaidarako denbora hartu zuen ETAk), dela erabakia emateko moduagatik (agiriak ez zuen zalantzarik uzten, nazioarteko eragileen babesa izan zuen, eta, esan bezala, ETAk berak argibide asmo eman zituen), amaiera eztabaidaezina izan zen, nahiz eta Guardia Zibiletik eta biktimen elkarte batzuetatik hasi diren esaten ETAk baduela nolabaiteko jarraipenik. Betiko lepotik burua. Amaiera ganoraz egin zen, ordea, eta horregatik, beharbada, badirudi egiazki pasa den baino askoz ere denbora gehiago pasa dela ETAk bere amaiera iragarri zuenetik, are gehiago gertaera politikoak bata bestearen ondotik datozenean, etenik gabe. •