INFO

Iñigo Cabacasen heriotzagatik epaiketa egin eta epaia ezagutu da, baina justizia heltzeke dago, urrun oraindik

Sei urte eta erdi igaro eta gero, udazken honetan egin dute «Cabacas auziaren» epaiketa. Bidea ez da erraza izan, eta, gainera, gurasoak justizia ezagutzetik urrun daude oraindik. Epaiak ez du Ertzaintza leku onean utzi, baina zigor bakarra ezarri du, bi urtekoa. Oso merke atera zaie uniformedunei gazte bat hiltzea.


Duela bi aste Bilboko kaleak «Iñigorentzat justizia» aldarrikatzen zuten oihuek bete zituzten, beste behin ere. Hamaika aldiz egin dute eskaera hori azken sei urte eta erdian, Ertzaintzak jaurtitako pilota batek gazte basauriarra hil zuenetik, hain zuzen. Kasu honetan, ordea, justiziaren aldarria epaiketa izan eta gero heldu da. Justiziarik ekarri ez duen epaiketa amaitu ondoren, alegia. Epaia ezaguna baita jada, eta susmoa zena baieztatzeko balio izan baitu: Euskal Herrian pertsona bat hiltzea oso merke ateratzen da uniformea badaramazu.

Jorge Aldekoaren dimisioa

Egia da auzitegiak sekulako astindua ematen diola Ertzaintzari, 2012ko apirilaren 5eko gau beltzean egin zuenagatik, eta baita prozesu osoan izan duen jokamoldeagatik ere, ikerketa oztopatu duelako eta jazotakoa argitzeko bideari laguntzarik eman ez diolako. Polizia autonomikoaren izenari dagokionez, kolpea handia izan da. Horregatik, agian, ebazpena ezagutu eta bi astera Jorge Aldekoa Ertzaintzaren buruak dimisioa aurkeztu zuen. Aldekoa Bilboko ertzain etxeko arduradun nagusia zen egun horretan, baina, bere ardura agerikoa izanagatik, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak poliziaburu izendatu zuen, Iñigoren familiak, lagunek, gizarteak eta zentzuak berak eskatzen zutenari entzungor eginez. Baina epaia hain izan da zorrotza bere jardunarekin ezen, azkenean, eta berandu bada ere, Aldekoak amore eman behar izan duela. Baina hori ez da kontsolamendua semea galdu duenarentzat, eta ez du inolaz ere inpunitate sentipena ekidin.

Izan ere, Ertzaintzari egurra bai, epaiak gogor eman dio, baina akusatu ia guztiak absolbitu eta bakarra kondenatu du: Juan Jose de Pablo, 3.389 zenbakidun ofiziala. Bete beharko ez duen bi urteko kartzela zigorra eta bete beharko ez duen –erretiroa hartuta baitago– lau urteko inhabilitazioa ezarri diote. Beste bost ertzainak, Kepa Muriel eta Tomas Gonzalez ofizialordeak, eta Jose Ignacio Moure, Dany Jhonny Fernandez eta Eduardo Guzman agenteak, libre geratu dira. Oraingoz behintzat, akusazioak errekurtsoa aurkeztuko baitu Auztegi Gorenean. Zer esan orduko polizia-arduradunen gainean, Aldekoari, Raul Alberto Otaola ertzain etxeko bigarrenari eta plazan «denarekin sartzeko» agindua eman zuen Ugarteko-ri buruz? Ba beraiek ere izkin egin diotela beren ardurari. Instrukzio epaileak ez zituen epaitu nahi izan, eta lekuko gisa bakarrik agertu dira.

«Ez zegoen justifikatuta»

Epaiketa, prozesu luze eta malkartsu baten ondoren, urriaren 15ean abiatu zen, eta hasiera-hasieratik ikusi zen akusatu gehienen estrategia zein izango zen: gertatutakoaren ardura guztia 3389 ofizialari leporatzea. Bere kideak ez bezala Indautxuko herriko tabernaren kontra oldartzearen kontra agertu zen bakarrari. Egia da berak ardura bazuela, bertan zegoen polizia-agintari nagusia zelako eta ez zuelako ez erasotzeko agindurik eman –horixe leporatzen dio auzitegiak, erasoa ez ekiditea–, baina paradoxikoa da bera zigortu eta pilotak jaurti zituztenak eta agindua eman zutenak errugabe jotzea.

Epaileen argudioa da ezin dela baieztatu hiru ertzainen pilotakadek Iñigo hil zutenik eta bi ofizialordeen aginduek heriotza eragin zutenik. Eta azkenean, bostak libre, nahiz eta epaiak nabarmentzen duen ertzainek egindakoak ez zuela «inolako justifikaziorik», «erabat lekuz kanpo» zegoela eta poliziek protokolo guztiak hautsi zituztela.

Epaiketaren lehendabiziko egunean, denek ofizialaren aurka egingo zutela egiaztatzeaz aparte –Ugarteko eta Aldekoak ere De Pablo seinalatu zuten–, beste gauza asko argi geratu ziren. Alde batetik, akusatuek trataera berezia izango zutela. Izan ere, baimena eman zieten epaiketara ez joateko, lehen eta azken egunak kenduta, eta joandakoan mozorrotuta egoteko aukera ere izan zuten. Gainera, nabarmen geratu zen, fiskalak, prozesu guztian egin duen bezala, defentsaren papera jokatuko zuela. Eta ezin aipatu gabe utzi akusatuek instituzioen aldetik jasotako babesa, Lakuako Gobernuko zenbait ordezkari egunero egon baitziren aretoan, defentsaren abokatuen aholkulari.

Ertzainen gezurrak agerian

Instituzioen paperari dagokionez, deigarria izan zen lekuko gisa deklaratu zuen ertzain batek onartu zuena: ikerketa egiten ari zen garaian denen artean bertsio bat asmatzeko poliziaburu eta Gobernuaren ordezkari eta abokatuekin bildu zela aitortu zuen. Eskandalagarria.

Gauza bera esan daiteke, oro har, ertzainek 2012ko apirilaren 5eko gauean gertatu zenaz epaiketan adierazitakoaz. Gerra agertoki bat deskribatu zuten, herriko tabernaren plazan bildutakoen aurka zergatik oldartu ziren argudiatzeko. «Ehunka kaputxadun», harriak eta bestelako objektuak beren kontra... denetik esan zuten. Edo asmatu zuten. Izan ere, bertan zeuden lekukoek eta auzokideek polizien bertsioa ukatu zuten, eta epaileek ere sinesgaitzat jo dute ertzainek adierazitakoa. Baten bati zuzenean «egia ez esatea» leporatu diote, eta Poliziaren arduradunak ere oso ataka larrian jarri dituzte, egindako ikerketa «eskasa» izan zela baiteritzote, horri egozten diotelarik, neurri handi batean, Iñigo nork hil zuen ez jakitearen ardura.

Laburpen gisa esan daiteke epaiak goitik behera eraisten duela urteotan nagusi izan den bertsio ofiziala, Rodolfo Ares sailburu zenetik orain arte, bere lekuan Estefania Beltran de Heredia denean. Hots, ertzainak plazara heltzean ez zen borrokarik bertan, aurretik liskarren bat egon zen, bai, baina ordurako igarota zegoen; poliziak heldu zirenean ez zieten eraso egin, aldiz, beraiek izan ziren beharrik gabe oldartu zirenak; eta ez zegoen inolako arrazoirik horrenbeste ertzain festa giroan zegoen leku batera bidaltzeko.

Han ez zen ezer txarrik gertatzen, eta hala ere jendetzaren aurka pilotak jaurtitzen hasi ziren. Zergatik? Epaiak «deskoordinazioa» aipatzen du, baina agian benetako arrazoia ertzain batek eman zuen: plaza hura «etsai-eremua» zen haientzat. Eta horregatik, etsaiak ikusten zituzten horiek lagunak baino ez zituen Pitu hil zuten.