INFO

Urteari agur esateko ohiturak eta moduak

Arineketan, kantuan, protestan edota eskean. Hamaika modu daude gure herrian badoan urteari agur esan eta datorrenari ongi etorria emateko. Hemen sare sozialetan aurkitutako batzuk.

Sare sozialetan aurkitutako zenbait ekimenen irudiak.

Beran gozoki festa batekin esaten diote agur urteari. Ohiturari eutsiz, etxeko txikienak Glin-Glan abestuz doaz etxez etxe eta hauen leiho eta balkoietatik, bizilagunek gozokiak, intxaurrak eta frutak jaurtitzen dituzte, umeen gozamenerako.

Beste askok arineketan bukatzen dute urtea, Euskal Herrian barna egiten diren San Silvestre frogetan.

Usadio zaharra mantentze aldera, herri askotan ‘Dios te salbe’ kantatuz bukatzen dute urtea. Urte zaharrari adio esan eta berriari ongietorria emateko herri eta auzo anitzetan kantari ibiltzen dira zenbait lagun talde, koplak eta trikitia bidelagun dituztela.

Urteko lehen egunari Urtats eguna deitzen diote Baztango herri txikiena den Anizen. Azken zentsuaren arabera 75 bat laguneko biztanleria du herrixka honek. Ohitura ederra dute izan ere, lbeltzaren 1ean haurrek kantari doaz etxez etxe, baserriz baserriz, urteberria zoriontzen eta urtetxak biltzen.

Aldarrikapenek ere lekua izan ohi dute urte bukaeran. Soraluzen, adibidez, euskal presoak gogoan izan zituzten urtea agurtzean.