«Gure leihora tiro egin zuenak jakin dezala ez garela ez arbasoen etxetik ez gure pentsamendu politikotik mugituko»
Mertxe Azkarragak, Amurrioko Lezama herribatzarreko baserrian polizia ohi baten tiroa jaso zuen familiaren izenean, argi utzi du gertatutakoak ez dituela ez etxetik ez beraien ideia politikoetatik mugituko. «Ez gaude beldurtuta. Utzi Lezama eta Euskal Herria bakean», azpimarratu du.
Gertatutakoa salatzeko manifestazioaren aurretik, Lezamako kontzejuko baserriko sukaldeko leihoan tiroa jaso zuen familiaren izenean adierazpenak egin ditu Mertxe Azkarragak.
Lehenik eta behin azaldu du gertakariak jazo zirenean zazpi pertsona zeudela baserrian, horietako bi sukaldean bertan. Beraien bizia arriskuan jarri zuen tiroak horman jo zuen leihotik sartu eta gero.
Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da eta sendiak salaketa bana jarri du ertzainetxean eta epaitegian.
Ofizialki dakiten bakarra da pertsona bat identifikatuta dagoela.
Ibarretxeren senidea
Efe berri agentziak zabaldu duenaren arabera, identifikatutako 74 urteko polizia ohia Juan Jose Ibarretxe lehendakari izandakoaren senidea da.
Azkarragak argi utzi nahi izan du auzokideen artean inoiz ez dela arazorik egon eta, egungo testuinguru politikoa aipamena eginez, gaineratu du «eskumako politikariei interesatzen zaiela gu beldurrez bizitzea».
«Gure leihora tiro egin zuenak gu ez garela hemendik mugituko: ez gure arbasoen etxetik ez gure pentsamendu polikotik, hori bazen bere asmoa», azpimarratu du.
Jarraian, esan du hiru bandera dauzkatela etxean jarrita: frackingaren aurkako bat, Sahararen aldeko beste bat eta euskal presoen Euskal Herriratzearen aldeko beste bat, «gizarte osoaren oihu ozena dena». Azken hau, gainera, «arrazoi handi» batengatik dago bertan. Izan ere, senide bat galdu zuten duela 28 urte urruntze politikaren ondorioz.
«Banderak astintzen jarraituko dugu. Ez gaude beldurtuta eta bakarrik esan behar dugu: utzi Lezama bakean eta utzi Euskal Herria bakean», esanaz amaitu du Azkarragak.