Ahal Dugu Euskadik Orain Presoak dinamikak deitutako mobilizazioekin bat egin du
Ahal Dugu Euskadik larunbat honetan Bilbon eta Baionan, Orain Presoak dinamikak deituta, egingo diren mobilizazioekin bat egin du. espetxe politikak inoiz izan behar ez zuen mendeku helburua albo batera uztea» aldarrikatu dute, eta «gizarteratzera bideratzea, konpontze-justiziako prozesuen bitartez». Gure Esku Dagok ere parte-hartzeko deia egin du, presoen gaiari irtenbidea ematea «lehentasunezko gaia» dela defendatuz.
Ahal Dugu Euskadik bere atxikimendua adierazi du Orain Presoak ekimenak larunbat honetarako, urtarrilaren 12rako, Bilbon egin duen deialdiarekin, euskal presoei ezartzen zaien espetxe-politikan aldaketa egin dadin eskatzeko helburuarekin.
Ohar baten bitartez, «giza eskubideen ikuspegi integrala» defendatu dute espetxe-politikaren aldaketa gauzatzeko. «Ezinbestekoa da ETAren jarduera terroristarekin lotura izateagatik askatasunaz gabetutako pertsona guztiei aplikatzen zaien salbuespen-neurri guztiak ezabatzea», adierazi dute.
Zenzu horretan, presoak Euskal Herrira «gerturatzea, gaixotasun larriak dituztenei gizalegezko tratua ematea eta espetxe-gradua mailakatzea» proposatu dute. «Aldi berean, eta espetxe-politika baldintzatu behar ez duen arren, indarkeriaren eraginez apurtutako gizarte-sarea berreraikitzea ahalbidetzeko, ezinbestekoa iruditzen zaigu presoek eragin zuten sufrimendua bidegabea izan zela aitortzea, hain zuzen ere biktimei eragindako kaltea konpontzeko helburuarekin», gehitu dute.
Honela «espetxe politikak inoiz izan behar ez zuen mendeku helburua albo batera uztea» aldarrikatu dute, eta «gizarteratzera bideratzea, konpontze-justiziako prozesuen bitartez».
Gure Esku Dagok ere mobilizazioetan parte hartuko du
Bestetik, Gure Esku Dagok ere bat egin du deialdiarekin. «Bizikidetzaren, demokraziaren eta bakearen aro berria zabaltzen ari da Euskal Herrian. Etorkizun hobe bat eraikitzeko lan handia egiten ari da esparru anitzetan. Aurrera egiteko, ordea, ezinbestekoa da iraganeko korapiloak askatzea», azpimarratu dute.
Horretarako, presoen gaiari irtenbidea ematea «lehentasunezko gaia» dela defendatu dute. «Euskal preso, iheslari eta deportatuek bizi duten salbuespen egoera behingoz amaitzea».