Deseroso hasi baina lidergoari eusten amaitu dute Elezkano-Rezustak (22-19)
Irribarria-Zabaletak sekulako hasiera eman diote partidari, 3-9 aurreratzeraino, baina Zaratamokoa jokoan sartu eta buelta eman diote lehiari azpitxapeldunek.
Lanari beldurrik ez dion bikote horietako bat osatzen dute Elezkano-Rezustak eta borrokarako grina horrek puntu garrantzitsu bat eman die iazko txapeldunordeei. Hasieratik gauzak ikaragarri zail jarri zaizkie gorriei, ohikoa duten eran, hasiera oso esplosiboa izan dute eta Irribarria-Zabaletak. Oso fresko ekin dio partidari aramarrak, sotamanoz zulo handiak ireki eta errematean asmatuz, 3-9 aurreratzeraino.
Beñat Rezustari lana pilatzen ari zitzaionean, Danel Elezkanok jokoa nahastu eta pilota frontisetik gertuagoa ibiltzea lortu du, partidaren norabidea aldatuz. Pilotak ere hasierako distira galtzen joan dira eta partida orekatu egin da. Eusteaz gain, erasorako dohain itzelak dituela erakutsi du aurrelari bizkaitarrak eta, dejada lagun, 6 tanto lortu ditu orotara; lehen atsedenaldi luzera aurretik heldu dira gorriak (12-11).
Beñat Rezustak ere gora egin du bere jokoan, Irribarriak erasoan konfiantza galdu du –zapatilarekin ere arazo bat izan du– eta gorriak pixkanaka-pixkanaka aldeak hartuz joan dira, garaipen ikusgarri bat lortuz.