INFO

Euskal Herria harrera herria izan dadin, kalean eta sarean

Giza eskubideen errespetua eta pertsonen zirkulazio askea aldarrikatuko du datorren larunbatean Irungo Harrera Sareak antolatutako manifestaldiak.

@IrungoHS zabaldutako irudia.

Datorren larunbatean Irungo herriak Euskal Herria harrera herria izan dadila galdegingo du manifestazioan. Transitoan dauden ehunka pertsonei elkartasuna helarazi eta instituzio ezberdinetako politikariei harrera duin eta integral iraunkorra ematea eskatuko dute kalean, mobilizazioan.

Irungo Harrera Sareak antolatzen du mobilizazioa, iazko uztailean Irunen biltzen ari ziren pertsona migratzaileen alde lan egiteko dozenaka irundarrek eta eragilek indarrak batuta sortutako sareak. Ordutik egunero egunero, egunez eta gauez, Irundik igarotzen diren herritarrei ahal duten moduan laguntzen tematzen dira, gauak kale gorrian igarotzea ekidinez, arropa beroa eskainiz, eta bereziki, maitasunez hartuz.

Manifestaldiaren atarian manifestua ere atera du Irungo Harrera Sareak. Dagoeneko 2.000 atxikimendu eskuratuta, eskubideak bermatu eta alternatibak sortuko dituen migrazio politika garatzea eskatzen diete instituzioei idatzian, giza eskubideen errespetua eta pertsonen zirkulazio askea aldarrikatzen duten bitartean. Manifestua ikusi eta sinatzeko, hemen.

Euren etxea eta herria atzean utzita, gurera iristen diren pertsonentzako errespetua eskatzen du Harrera Sareak: «Inork ez du bere edo bere seme-alaben bizitzak arrazoirik gabe arriskuan jartzen», gogoratzen dute idatzian, «beroan egiten diren itzulketak» salatzearekin batera.

Sare sozialetan ere nabari da manifestaldiaren gertutasuna eta geroz eta gehiago dira #HarreraHerria traola erabilita agertzen ari diren irudi eta argazkiak.