Maravillas Gaztetxea: «Auzo honek gaztetxea izango du»
Atzo okupatua izan eta 24 ordu igaro aurretik desalojatu dute berriro Maravillas Gaztetxea. Ostean, prentsa agerraldia eskaini dute gazteek, nafar Gobernuaren «gezurrak» salatu eta auzoak gaztetxea izango duela aldarrikatzeko.
«Segurtasuna» da Nafarroako Gobernuak Maravillas Gaztetxea enegarrenez hutsarazteko erabili duen argudioa, gazteek urgentziaz deituriko prentsa agerraldian adierazi dutenez. «Errealitatean, baina goitik beherako aitzakia baldar eta gezur bat baino ez da».
Adierazi dute gazteek eurak direla gunea mantentzea eta babestea interes nagusitzat duen kolektiboa: «Honen proba dugu azarotik egikaritzen ari den aldeko txosten tekniko baten
existentzia». Horregatik, Nafarroako Gobernuaren teknikariek egindako txostenen emaitzak «zalantzan» jartzen dituztela adierazi dute.
Zentzu horretan, «irmoki» salatu dute nafar Gobernuaren asmoa eurak «desalojatzea eta eraikina fisikoki haustea» dela, «Maravillas proiektuaren garapena ezin emateko intentzioarekin».
Atzo okupatu zuten gazteek Marques de Rozalejo jauregia, baina «berri triste batekin» esnatu dira gaur. «Errepresioaren bidea hautatu du nafar Gobernuak, espazio autogestionatuen eskaerei erantzukizuna emateko, Alde Zaharra berriro ere militarizatuz kolore guztietako hamaika poliziekin batera».
Desalojoaren ondorioz eman diren protesta ekimenak kargatu ditu poliziak igande goiz honetan, «hainbat zauritu eta atxilotu baten berri dugularik». «Aldaketaren izenean gu jipoitzeaz nazkatuta gaude. Nazkatuta, Alde Zaharreko aldarrikapen duinak borren bitartez zapalduak direla ikustean».
«Aski da, marra gorri guztiak gainditu dituzue», aldarrikatu dute gazteek, gaineratuz: «Aurrean izango gaituzue, eta ez izan zalantzarik; auzo honek gaztetxea izango du ahal bezain laster».