INFO

Hirugarren urtea ospatuko du gaur Baionako Zizpa gaztetxeak

Hiru urte bete ditu Zizpa gaztetxeak, baina Baionako Gazte Asanbladaren ibilbidea luzeagoa da. 2000. urtean sortu zen asanbladaren hondarretatik eraiki zen egungo Zizpa gaztetxea. Guztiek egindako lanari esker lortutako emaitzak ospatuko dituzte gaur.


Egun Zizpa kudeatzen duen Gazte Asanblada 2008an sortu zen, baina urte hartan lanean hasi ziren gazteen esanetan, aurrekoek utzitako ondarea berpiztu baino ez zuten egin. Sasoi hartan buru-belarri aritu zen Ibai Agirrebarrenaren esanetan, «Gazte Asanblada sortu baino, berpiztu egin genuen, zeren aurrez, 2000. urtean izan zen gazte asanblada bat, eta berpizte prozesuan gurekin parte hartu zuten haietako batzuek».

Gazte Asanbladaren berpiztea

Lehen gaualdia 2008ko urrian egin zuten Patxokin eta hortik aurrera hilero ekimen bat egiteko erabakia hartu zuten. Herri olinpiadak, bertso afariak eta denetariko ekitaldiak antolatu zituzten. Aldi berean, erakunde publikoek ezartzen zizkieten trabei aurre egiteko entitate juridiko bat sortu zuten. Ordea, Agirrebarrenak zehazten zuenez, «guk ez genuen inoiz izendatu elkarteko lehendakari bat, horiek paperak ziren, guk beti asanblada moduan jardun genuen, baina Udalarekin harremanetan jartzeko beharrezkoa zen elkarte legal bat».

Baionako Udalak eskaintzen ez zuena eskaintzen zuten, ekitaldi sozial eta kultural anitz antolatzen zituzten, baina laster sentitu zuten beren egitasmoak gauzatzeko lokal baten beharra. Hortik sortu zen “Baionak gaztetxe bat behar du” kanpaina.

Auzapezaren atzetik

Sasoi hartan, Jean Grenet eskuindarra zen Baionako auzapeza eta ez zuen Gazte Asanbladarekin harremanik nahi. «Egun batean udaletxe aurrean olinpiadak antolatu genituen bagenekielako handik pasako zela, eta gure aldarrikapenen txostena eman nahi genion eskura, baina ez zuen gurekin hitz egin nahi izan», oroitzen du Agirrebarrenak. Beste saiakeretako bat ere gogoan du BGAko kide ohiak: «Gure kide batek ile apaindegi kanpoan itxaron zuen auzapeza eta atera zenean hitz egin ahal izan zuten, baina auzapezak argi esan zion ez zuela inongo borondaterik gurekin hitz egiteko».

Gazteek ez zuten etsi, ordea. Hilero ekimenak antolatzen eta harremanak egiten jarraitu zuten, eta aldi berean Udalarekin elkarrizketa bide bat ireki nahi zuten. Horrela, pixkanaka jendea batzen joan zen eta belaunaldi berriak atxiki ziren.

Okupazioa eta lehen harremanak

Indarrak bildu ostean, prentsaurreko bat antolatu zuten 2013ko ekainean. Mezua Udalari zuzendu zioten; «edo lokal bat ematen ziguten edo okupatzera behartuak izango ginen», nabarmentzen du Agirrebarrenak. Ez zuten erantzunik jaso, ondorioz, uztailaren 13an Justizia Jauregi Zaharra okupatu zuten.

Bi eguneko programazio zabal bat antolatu zuten elkarte desberdinekin. Jean Grenet oporretan zen, eta egun auzapeza den Jean-Rene Etchegaray zen alkateordea. Tentsiorik ez zen falta, poliziek gazteak handik bidaltzeko gogo bizia erakusten zuten, baina artean, gazteak eta Etchegaray hitz egiten hasi ziren. Gazteek, lokal egoki bat eskaintzen ez zieten artean ez zutela handik alde egingo esan zioten alkateordeari, eta honek, mezu trukatze luze baten ostean, gazteen eskakizunak aintzat hartzen zituen idatzi bat egin zuen. Agirrebarrenak aditzera eman zuenez, «Udala itxita zegoen; orduan, polizia etxera joan zen hitzarmena idaztera eta handik etorri zenean ordezko lokal bat emango zigula esaten zuen hitzarmena esku artean zekarren Etchegarayk».

Horren ostean, gazteek lokala utzi zuten, tentsioa baretu zen, eta gazteek garaipen bat eskuratu zuten, lehen aldiz Udalarekin hartu-eman zuzena izatea lortu baitzuten. Hortik aurrera auzapezarekin harreman zuzenik izan gabe jarraitzen zuten, baina Etchegarayrekin erregularki biltzen ziren. Aldi berean, eguneroko dinamika eta lanketekin jarraitzen zuten.

Etchegarayk alkatetza irabazi zuenean, bere hitza bete zuen eta 2015eko ekainean egungo lokala eman zien gazteei. Baldintza legalak betetzeko egin beharreko lanak egin, lokala atondu eta kontrol guztiak pasatu ostean, Zizpa gaztetxea ireki zuten 2016ko urtarrilaren 23an.

Gaur Zizpa gaztetxearen 3. urtemuga

Zizpa gaztetxeak hiru urte beteko dituela ospatzeko egitarau oparoa antolatu dute aurten ere. Ordea, urteurrenari baino garrantzi handiagoa ematen diote egunerokoari. «Ez dugu nahi urtero gauza bera egin, nahiago dugu apal aritu eta soilik urtemuga esanguratsuetan indar egin», azaldu du Marilou Lapeyrade Zizpako bozeramaileak.

Herriko Etxearekin hiru urterako hitzarmena sinatu zuten, eta epea amaitu da, beraz, baina ez dirudi Lapurdiko hiriburuko gaztetxea arriskuan denik, izan ere, Zizparen eta Udalaren arteko harremanak onak dira. Lapeyradek onartzen du ez dutela elkar maiz ikusten, baina «gonbidatzen ditugunean hurbiltzen dira, eta haiek ere proiekturen batean parte hartzera gonbidatzen gaituztenean, guk ere parte hartzen dugu».

Azken hiru urteetako ibilbidearen «balorazio zinez positiboa» egiten dute zizpakideek. Zizpako bozeramailearen aburuz, «Gaztetxea elkarte anitzek erabiltzen dute, beraz, harreman sare bat osatzeko bitarteko egokia da, zeren urtero talde eta elkarte berriak ezagutzen ditugu eta horri esker gero eta ezagunagoak gara, ez bakarrik Santespiritu auzoan, baita Baiona osoan ere».

Zizpakideek ez dute nahi «dinamika guztia gaztetxera mugatu», horregatik aurten Patxa plazan jarri dute lehen hitzordua, arratsaldeko 16.00etan. Lapeyraden iritziz «guretzat eremu berezia da, Baionako bestetan astebeteko egitaraua osatzen dugu bertan, baina horrez gain, urtean zehar gauzak antolatzeko gune egokia ere bada».

Besteak beste, bertsolariak, herri kirolak, poteo ibiltaria eta aperitifa eskainiko dituzte, «urtean zehar gaztetxea sostengatzen dutenei esker ona adierazteko». Eta gauean, kontzertuak izango dira Zizpa gaztetxean.