Txapelketari oratu diote Altuna-Martijak lehiarik piloteatuenean (22-20)
Irribarria-Zabaleta 7-13 aurreratu dira piloteoan erabat nagusitu ostean, baina gorriek ez dute amore eman eta bizirik irauteko beharrezkoa zuten puntua lortu dute amaiera polemikoa izan duen partidan.
Bengoetxea-Imazek bezperan egin bezala, Altuna III.a-Martijak ere finalerdietan egoteko itxaropenak bizirik mantentzeko behar beharrezkoa zuten puntua lortu dute, txapelketako orain arteko partidarik piloteatuenean (756 pilotakada). Piloteoan nabarmen gutxiago izan diren arren, gorriek lana latz egin dute eta oso kontra izan duten partidari buelta eman diote amaiera polemikoa izan duen lehian. Giharretako arazoak izan dituen Julen Martija lurrera erori da pilota bat jo ostean, Irribarriak nafarrarekin tupust egin eta ezin izan du pilota itzuli baina epaileek ez dute bueltarik eman.
Denetik izan duen partida izan da Beotibarrekoa, emozioa, tanto onak, oinazeak, polemika... eta gustura irten dira bertaratutakoak. Gainera, txapelketako hurrengo jardunaldiei ere bizia eman die Altuna-Martijaren garaipenak.
Partida erdian, hala ere , inor gutxik espero zuen halako amaierarik, jotzaileak 7-13 ere aurreratu dira, jokoan markagailuan baino alde handiagoarekin aritu diren hasiera baten ostean. Asko jotzeaz gain, Irribarria ausart eta eraginkor aritu da markagailuan eta defentsan ere zulo gutxi erakutsi ditu.
Lehia, ordea, asko aldatu da une horretatik aurrera. Pilotak gastatu egin dira eta urdinek dituzte halako aldeak atera, Altunak jokoan sartzeko aukera gehiago izan ditu eta jotzaileak ere hutsak pilatzen hasi dira. Hamahiruna berdindu dute lehia eta hortik aurrera askoz parekatuagoak izan dira eta amaiera orekatuan Altunaren ofizioa nagusitu da.