INFO

Uruguaik eta Mexikok Venezuelarako proposatutako bidearen alde agertu da EH Bildu

Venezuelak bizi duen krisi politikoa onbideratzeko Uruguai eta Mexikoko gobernuek proposatu duten elkarrizketaren bideari babesa adierazi dio koalizio abertzaleak. 


EH Bilduk ohar bidez adierazi duenez, «Venezuelak bizi duen krisirako, bakea helburu duen elkarrizketan eta negoziazioan oinarritutako bidearen alde eginez» Latinoamerikako eta Europako 500 pertsonalitate baino gehiagok sinatutako gutunarekin bat egin du koalizio abertzaleko koordinatzaile nagusiak, Arnaldo Otegik, hainbat ordezkari instituzionalekin batera. 

Gutun horrekin, Andres Manuel Lopez Obradorrek eta Tabare Vazquezek, Mexiko eta Uruguaiko presidenteek, Venezuelan negoziazioa abiatzeko egin duten proposamenari babesa adierazten zaio.

Nicolas Maduro presdente venezuelarrak berak ontzat jo zuen aipatu bi herrialdeetako presidenteek eginiko proposamena. 

«Aktore batzuk gerraren eta esku-hartzearen alde egiten duten bitartean, beste gobernu batzuk elkarrizketaren eta negoziazioaren aldeko apustua egiten dute, gatazkak konpontzeko nazioarteko zuzenbideak ezarritako bide zilegiak diren heinean», azaltzen du bihar bi agintariei bidaliko zaien eskutitzak. 

«Kezkatuta gaude. Bakea, egonkortasuna, lankidetza eta integrazioa arriskuan daude, Venezuelako politikagintzan egiten ari diren esku-hartzearen ondorioz», gaineratzen du.

Sinatzaileen artean daude, esate baterako, Dilma Rousseff, Brasilgo presidente ohia; Jorge Taiana, Argentinako kantziler ohia; Leonardo Boff teologo brasildarra; edota Dimitros Papadimoulis eta Gabi Zimmer eurodiputatuak.

Gutuna bera eta sinatzaileen zerrenda osoa http://dialogoypazparavenezuela.org/ webgunean kontsulta daitezke.