INFO

Galder Barbado eta Aitor Zelaia espetxera bidali ditu epaileak

Auzitegi Nazional espainolaren aginduz atzo Ertzaintzak Gasteiz eta Amurrion atxilotu zituen bi gazteak, Aitor Zelaia eta Galder Barbado, espetxera bidali ditu epaileak. Bihar manifestazioa egingo da Gasteizen, arratsaldeko 18.30ean, Korreos plazatik abiatuta. 

Barbado eta Zelaiaren askatasunaren alde elkarretaratzea, atzo Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Galder Barbado eta Aitor Zelaia, Amurrion eta Gasteizen Ertzaintzak atxlotu zituen bi gazteak espetxeratzeko agindua eman du Auzitegi Nazional espainoleko Maria Tardon epaileak, 3. Instrukzio Epaitegiko titularra denak. 

NAIZek jakin ahal izan duenez, Soto del Real espetxera bidaliko dituzte bi gazteak. 

Arratsaldeko 14.00etan hasi dira deklaratzen eta ordu eta erdiz izan dira epailearen aurrean. Biek ukatu egin dute duela hilabete batzuk Duranan atzeman zuten bidoiarekin eta bertan zegoen piroteknia-materialarekin inolako zerikusirik izatea –material leherkari edo suharbera edukitzea egozten zaie–.

Zentzu horretan, bi gazteek argi utzi dute bat egiten dutela ezker abertzalearen estrategiarekin.

Fiskaltzak bi gazteen espetxeratzea eskatu du eta epaileak, delituaren larritasunagatik ihes egiteko aukera baliatu du eskaera horrekin bat egiteko. 

Segurtasun Saileko iturriak aipatuta atzo informazio agentziek adierazi zuten bidoi horretan zegoen materiala 2014an eta 2015ean egin ziren hainbat erasorekin lotuta egon daitekeela, nahiz eta Ertzaintzak ez zuen harreman hori konfirmatzen eta gazteei ere ez zaizkie zuzenean eraso horiek leporatzen. 

Espetxeratzeak salatzearekin batera, Ernai gazte antolakundeak eta Sortuk bihar arratsaldeko 18.30ean Gasteizen egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. Korreos plazatik abiatuko da mobilizazioa. 

 

Gaur ere manifestazio jendetsua egin dute Amurrion, Sortuk deituta.