INFO

Babes politikoa euskal hiriburuetan zein Madrilen

Euskal Herrian, goizetik gauera, epaitutako agintari katalanen aldekotasunik ez zen falta izan. Eguna argitu bezain pronto, Auzitegi Gorenaren aurrean ziren EAJko eta EH Bilduko ordezkariak, Kataluniako lagunekin batera, epaiketa salatzeko asmoz. Eta arratsaldean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta beste zenbait herritan elkarretaratzeak burutu ziren, demokrazia aldarrikatuz, Gure Esku Dagok deituta.


Euskal Herrian, goizetik gauera, epaitutako agintari katalanen aldekotasunik ez zen falta izan. Eguna argitu bezain pronto, Auzitegi Gorenaren aurrean ziren EAJko eta EH Bilduko ordezkariak, Kataluniako lagunekin batera, epaiketa salatzeko asmoz. Eta arratsaldean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta beste zenbait herritan elkarretaratzeak burutu ziren, demokrazia aldarrikatuz, Gure Esku Dagok deituta.

Protesta ekimen nagusia, hala ere, datorren igande eguerdirako Donostian deituriko mobilizazioa izango da. Izen esanguratsua duen tokitik abiatuko da, Gros auzoko Katalunia plazatik, eta Bulebarreko kioskoan amaituko da. Horiz jantzita joateko deia egin du Gure Esku Dagok, hori baita Katalunia aldean presoak aske uzteko aldarrikapena irudikatzen duen kolorea.

Atzo izan ziren lau elkarretaratzeetan milaka lagun bildu ziren. Iruñeko Gaztelu plazan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, Donostiako Bulebarrean eta Bilboko Arriaga plazan esteladek eta ikurrinek bat egin zuten, denak ‘‘Konponbidea, democracia, llibertat’’&flexSpace;lelopean: hiru kontzeptu hiru hizkuntzatan batzen zituen mezua, hain zuzen ere.

Hamabi ordu lehenago, Kataluniako eragileek Madrilgo Auzitegi Gorenaren aurrean deituriko mobilizaziora batu ziren euskal ordezkari politikoak, EAJ-koak zein EH Bildukoak. Gasteizko Legebiltzarrean onartu bezala, ordezkaritza ofiziala osatu zuten. Iñigo Iturrate jeltzaleak eta Maddalen Iriarte EH Bilduko eledunak Kataluniako ordezkariekin batera salaketa egiten zuen pankartari eutsi zioten. «Herritarrei hitza ematea ez dute barkatzen. Parlamentua eta Gobernua epaituz herri oso baten duintasuna zapaldu nahi dute. Euskal Herria sempre al vostre costat! (Euskal Herria beti zuen ondoan)», adierazi zuen Iriartek.

Madrilgo Gorteetan aipaturiko bi alderdiek dituzten hautetsiak ere hurbildu ziren auzitegira. Besteak beste, EH Bilduko Marian Beitialarrangoitia eta Jon Iñarritu eta EAJko Kongresuko bozeramaile Aitor Esteban. Akusazio faltsuari egin zion aurre Estebanek, bertan eginiko adierazpenetan. «Zenbait politikarik aipatzen duten estatu-kolpeaz aritzeak ez du ez hankarik ez bururik. Ez zen inolako bortizkeriarik izan, are gutxiago bortizkeria armaturik edo militarrik». Ondorioz, epaiketa bukatu ostean akusatuen aulkian dauden lagun guzti-guztiak «aske eta inolako kargurik gabe» geratzearen alde egin zuen.

Beraiek espetxeratu izanak «elkarrizketa eragotzi eta gauzak tenkatu ditu», salatu zuen Aitor Estebanek. «Iritsi behar ez ginen puntura iritsi gara», erantsi zuen diputatu jeltzaleak.

Lakua: «Epaitegietatik atera»

Gasteizko Gobernuak asteartero egiten duen bilkuraren ondoren epaiketa hizpide izan zuen Josu Erkoreka eledunak, galderei erantzunez. EAJ eta PSEren ordezkarien artean ez zela «hausnarketa konpartiturik»&flexSpace;egin zehaztu zuen ezer baino lehenago, jarraian batak zein besteak kontu hori «epaitegietatik atera beharra» onartzen dutela erantsiz.

Geroago, sare sozialen bitartez mezu hau utzi zuen epaiketan lekuko gisa partu hartu beharko duen lehendakari Iñigo Urkulluk: «Epaiketa hau sekula ez zatekeen hasi behar. ‘Procés auzia’-ren hasiera Auzitegi Gorenean amaitu eta ebatzi behar zen aurretiko arazoak izapidetzean. Hortik aurrera, bide politikoen aldeko apustua berresteko aukeratzat hartu behar zen». Epaiketak «Estatuaren ereduaren krisia» islatzen duela nabarmendu ondoren, «blokeoa eta aldebakarreko erabakiak gainditu behar dira», adierazi zuen Urkulluk, hiru bide marratuz: «Distentsioa, elkarrizketa eta begirada zabala».

 

Adierazpenak

«Espetxeratze hauek elkarrizketa eragotzi eta gauzak tenkatu dituzte; iritsi behar ez ginen puntura iritsi gara»

AITOR ESTEBAN

EAJ

«Herritarrei hitza ematea ez dute barkatzen; Kataluniako Parlamentua eta Gobernua epaituz herri oso baten duintasuna zapaldu nahi dute»

MADDALEN IRIARTE

EH Bildu