Aberri Eguna Iruñean eta Donibane Garazin eginen dute EH Bildu eta EH Baik
EH Bilduk eta EH Baik Iruñean eta Donibane Garazin egingo dute Aberri Eguna, hurrenez hurren. Bi alderdiek deialdi bateratua egin diete herritarrei apirilaren 21eko ekitaldietan parte hartzeko.
Donostian agerraldi bateratua eskaini dute EH Bilduko Jasone Agirrek eta EH Baiko Anita Lopepek Aberri Egunerako deialdien berri eman eta egunaren inguruko irakurketa egiteko.
Ospakizunerako EH Bilduk Iruñea eta EH Baik Donibabe Garazi aukeratu duten arren, bi alderdiek deialdi bateratua egin dute apirilaren 21eko ekitaldietan parte hartzeko.
Nabarmendu dute Aberri Eguna «herritar guztiona» dela eta, hain zuzen, azken urteotan arrazoi horrengatik ez dutela deialdi propiorik egin, «ospakizun anitz eta bateratuak egiteko saiakerak» babestuz. «Tamalez, orain arte ez da lortualderdi guztiak ez ezik herritar gehienak biltzea horrelako ospakizun batean», adierazi dute.
Ildo horretan, azaldu dute aurrera begira bi alderdien disposizioa eta eta konpromisoa berdina izango dela: «gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu Aberri Egunaren ospakizuna bateratua izan dadin».
Agirrek eta Lopepek esan dute Aberri Egunaren «moldea eta ezaugarritzea berritu beharra dagoela, gaurkotu, zabaldu eta biziberritu beharra dagoela, herri gisako ospakizuna bilakatu nahi badugu».
Estatu espainolean martxan den «inboluzio demokratikoa» eta frantsesean izaten ari diren protesten aurreko errepresioak «aurpegi bortitzena» agerian utzi duen honetan, azpimaratu dute «Euskal Estatu independientea sortzea zinez ezinbestekoa» dela.
Nafarroako aldaketa sakontzea, EAEko Estatus Politikoari buruzko eztabaida eta gauzatze politikoa edo apirilaren 28ko hauteskundeek suposatzen duten erronkak ere aipagai izan dituzte.
«Gure herriaren eraikuntza nazionala eta eraldaketa soziala bultzatzeko aniztasuna oinarri eta xede izanda, nazio estrategia baten baitan indarrak bildu eta elkarrekin aritzeko apustu sendoa berresten dugu», nabarmendu dute eta, hortaz, apirilaren 21eko ekitaldietan parte hartzeko deialdi bateratua egin dute.