NAIZ Irratiaren lehen emankizunak: Martxoak 8, GZT19, Korrika eta hauteskundeak
Urte hasieratik musika eskaintzarekin hasi da emisio frogetan NAIZ Irratia eta aste honetan zabalduko ditu lehen eduki landuak. Martxoaren 8ra begirakoak izango dira lehen lanak, Korrikaren jarraipen berezia ere egingo du eta Lemoan ospatuko den Gazte Topagunearen erreferentziazko irratia izango da. Udaberriko hauteskundeentzat ere eskaintza prestatzen ari da ohiko emisioi ekin aurretik. Entzuleei FM frogekin laguntzeko deia ere egin die.
Ari da. Ari da pixkanaka NAIZ Irratia izango dena gorpuzten eta proiektu berriaren lehen zertzeladak aste honetan bertan entzun ahalko dira. Urte hasieratik musika eskaintzarekin ekin zion NAIZ Irratiak eta martxoaren 8ari begira sortuko ditu lehen eduki landuak. FMko sarea osatu aurretik internet ardatz egingo dituzte lehen lan hauek. Ohiko emisioi ekin aurretik lehen emankizunak bereziak izango dira, greba feministaren ostean Korrikaren jarraipen berezia egingo du irratiak, Lemoako Gazte Topaguneko irratia izango da eta udaberriko hauteskundeen hitzordurako ere eskaintza berezia prestatzen ari dira.
Eider Olazar Elduaien da irrati berriak gaurkotasuna nola landuko duen aztertzen ari den lan taldeko kideetako bat eta aurreratu du «ildo garrantzitsua» izango dela proiektu berrian, «kaleko presentzia indartu asmo dugu, gainera, eta jendearen parte hartzea sustatu». Lehen emankizuna martxoaren 8ari begira ekoitzi duten ordubeteko erreportaje berezia izango da (gaurtik hasita NAIZen ikusi ahalko dira erreportaje horretarako landutako elkarrizketetako batzuk), «irratia ulertzeko beste modu horretan ere apustu egin nahi dugu, FMren logikatik harago joango dena, interneterako sortutako edukiak landuz». Lehen lan hori internetez soilik hedatuko da. Hurrengo hitzordu nagusia Korrika da eta jarraipen berezia eskainiko dute irratitik, ordurako espero dute, gainera, internetez gain FM bidez ere emititu ahal izatea.
NAIZ Irratia gorpuzten ari den lan taldea. Zutik, ezkerretik eskuinera: Maite Bidarte, Xabi Abasolo eta Amaia Zurutuza. Eserita: Oinatz Aizpuru, Eider Olazar eta Larraitz Otazo. (Gorka RUBIO / FOKU)
NAIZ Irratia herritarrek bertatik bertara biziko duten proiektua izatea nahi dute eta Lemoako Gazte Topagunean hala izango da behintzat, Lemoan bertan eskainiko dute programazio berezia. Maite Bidarte ari da eskaintza hori prestatzen, «guk esnatuko ditugu gazteak», dio. Saio «dinamikoak» iragarri ditu eta jende asko pasako pasako dela euren mikrofonoetatik, «oso anitza izango da, ahots ugari izango ditu eta euskal sortzaileei txoko bat egiteko» baliatuko dutela.
Bidarterekin batera saioen ekoizpenari loturiko lan taldean ari da Oinatz Aizpuru, «irratigintzan erreferentzia izateko egoera aztertzen ari gara, ongi asmatu nahi dugu bai formetan eta baita edukietan ere». Horretarako, dio oiartzuarrak, «esparru horiek identifikatzen ari gara eta jende askorekin hizketan; arlo horietako pertsona, aditu eta arituekin».
Aurkezpena, GARAri kolpea eta FM frogak
Urtarrilaren 24ean jakinarazi zuten NAIZ Irratia deituko zela euskarazko irrati berria. Astebetera, ordea, asmo horiek zapuztu ahal dituen albistea ezagutu zen, GARAk egin beharko diola aurre 'Egin'-i egotzitako milioitako zorrari. Iñaki Altuna NAIZeko zuzendariak kezka badu egoerarekin baina esperantza ere bai, «hor da soka hori iraganari loturik mantendu nahi gaituena baina guk aurrera eginda erantzutea erabaki dugu eta uste dugu gure komunitateak ere bat egiten duela ikuspegi horrekin». Harpidetzarekin erantzun asmo diote GARAk eta NAIZek mehatxuari eta «oso erantzun baikorra izaten ari gara, xede dugun 10.000ko kopuru horren %20 lortu dugu dagoeneko eta baditugu arrazoiak pentsatzeko uda aurretik lortu ahal ditugula gure helburuak».
Iraganetik eratorria, beraz, lehen oztopoa. Beste batzuk gaurkoak eta teknikoak dira. Xabi Abasolo ari da antenen eta frekuentzien eremuan lanean. Lehen kezka irrati berria aurkeztu orduko askok adierazi zutena, FMz ezingo dela Euskal Herri osoan entzun. «Aztibegia elkartea da irrati hau sustatu duen aktore nagusietako bat eta aspaldi ari da aldarrikatzen herri ekimeneko irratiek FMz normaltasunez emititzeko eskubidea», dio. Oraindik horrela izan ez arren, lortu diren lizentziekin eta irrati berriaren sorrerarekin «akuilu lana» egiteko aukera dagoela nabarmendu du Abasolok, «lehoien lurralde batean muturra sartzera goaz; legal, herri ekimenetik eta modu profesionalean. Arian-arian gure sintonia euskal lurralde guztira eramateko». Edukiak bai, ikuspegia eta trataera nazionala izango da hasieratik eta internetez ere entzun ahalko da.
Lizentziak dituzten lekuetan herritarren laguntza eskatu du Abasolok ongi entzuten den ala ez ziurtatzen ari baitira, arazoak dauden lekuetan horiek konponbidean jarri eta oraindik entzuten ez denetan seinalea helarazteko bideak topatzen. Kontakturako bideak Twitterren @naiz_irratia eta epostaz info@naizirratia.eus dira. Urte hasieratik frogetan emititzen ari diren eremuak eta frekuentziak hauek dira: Bilbo Handia (92.2), Durangaldea (97,4), Urola (91.8), Goierri (102.2) eta Donostialdea (93.8). Norberak bere herritik gertuen dagoen frekuentzia probatu eta entzuten den edo ez esanez mezu bat bidaltzeko eskatu dute NAIZ irratitik.