Gazte Topagunea, auzolanean oinarritzen den jaialdi politiko bat
Lemoan ospatuko da apirilaren 19tik 22ra Gazte Topagunea. Ernairen Bizkaiko herrigintza arduraduna den Iratxe Delgadok nabarmentzen duenez, Bilbo Handira «hurbiltzea» izan da ekimena bertan antolatzearen arrazoietako bat, «Euskal Herrian jende gehien bizi den eremua» baita.
Azken aldian, gero eta sarriago entzuten da ezker abertzalea edo mugimendu independentista osatzen duten eragile ezberdinen partetik hausnarketa propio bat egin beharra dagoela Bizkaian eta, batez ere, Bilbo Handia deitzen den eremuan eragiteko gaitasunaren inguruan.
Plaza Hutsa ekimenak esaterako topaketak antolatu zituen otsailaren 8 eta 9ko asteburuan Bizkaia Metropolitanoaren egoera aztertzeko asmoz.
Ernai gazte antolakundeak ere antzeko gogoeta egin duela esan daiteke, Bizkaiko herrigintza arduraduna den Iratxe Delgadok esandakoaren arabera. Izan ere, Lemoan ospatuko da aurten Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek antolatzen duten Gazte Topagunea eta nabarmentzen duenez, Bilbo Handira «hurbiltzea» izan da helburuetako bat.
«Beste batzutan, harremanak errazteko Ipar Euskal Herritik gertu antolatu izan da, baina oraingoan helburuetako bat izan da Topagunea hurbiltzea Euskal Herrian jende gehien bizi den eremura», azaltzen du.
Durangokoa da Delgado eta dioenez, Bizkaia mailan bi errealitate ezberdin edo testuinguru daudela uste du. Alde batetik, Bilbo Handia deritzona eta gero beste «herri batzuk txikiagoak eta euskaldunagoak» direnak. «Herri txikiagotan gaitasun gehiago daukazu jendea ezagutzeko eta gaitasun gehiago eragiteko. Gero Bilbo, hain handia izaterakoan eta erdaldunagoa beste testuinguru bat sortzen du», dio.
Horrekin batera, nabarmentzen duenez «EAJ da jaun eta jabe, ez bakarrik alderdi bezala, bere baloreak, bere kudeatzeko moduan... eta beste leku batzuetan mugimendu sozialek izan dezaketen eragin maila txikiagoa da».
«Proiektu politiko bideragarria gune urbanoetan»
Lemoatik Bilbora ordu erdi baino gutxiago dago kotxean, trenez ere erraz heldu daiteke, eta horrek hurbilduko den jendean eragina izango duela espero da. Gazte mugimenduan aritutako hainbat kiderekin hitzegin du BILBOTARRAk eta beraiek ere horrela uste dute.
Irati Sienrak gogora ekartzen du Urduñan ospaturiko Gazte Danbadan eragina izan zuela. «Garraio erraztasunak ematea beti nabaritzen da. Trenez pila bat jendek egin zituen joan-etorriak. Hirigune batetik gertu egiteak beti erraztasunak ematen ditu, gainera hirigune hori Bilbo bada, biderkatu egiten da etorri ahal den jende kopurua», azaltzen du.
Ruben Nietok, 90eko hamarkadan topaguneen antolakuntzan aritutakoak, uste du Bilbotik gertu egoteak egun baterako joateak erraztuko duela. Garai berean gazte mugimenduan bozeramaile izandako Ana Lizarraldek berriz, Bilbo Handiak «garrantzia estrategikoa oso handia» duela nabarmentzen du eta begi onez ikusten du Lemoan antolatzea Topagunea.
Otxarkoaga auzokoa da Karlos Renedo eta azpimarratzen duenez, «niretzako oso sorpresa ona izan da. Bilbotik joateko aukera oso ona dago. Batzuetan ematen du, horrelako ekimenak planteatzeko landa eremuetara joan behar garela baldintza oso espezifikoak daudelako. Eta aurten, 40 urteurrena izanda, Bilbotik gertu egitea oso ondo iruditzen zait»
Renedoren iritziz, Topagunearen bidez erakutsi daiteke «gure proiektu politikoa eremu urbanoetan bideragarria dela».
Ibon Meñikak ere antzeko hausnarketa egiten du. «Zorionez hartzen dut hau, horrelako eremu batean Topagunea antolatzea erronka handia delako. Horren atzean dagoen asmo edo helburu politikoak badu bere garrantzia. Non sakondu edo eragin behar dugun independentismo ezkertiarraren proiektu politikoan markatzen du».
Parte hartzaileak, ez bezeroak
Ernaik eta Aitzinak Aste Santurako antolatu duten ekimenean gazte mugimenduaren 40. urteurrena ospatuko dute eta horregatik, Gazte Topagunearen izendapena berreskuratzea erabaki dute 1994an antolaturiko lehen ekimenean bezala. Delgadok gogora ekartzen duenez, garai hartan festibal bakarrenetarikoa zen Gazte Topagunea eta horregatik erreferentzialtasun handia izan zuen.
Azken urteetan, Bilbon eta Bizkaian batez ere, baina Euskal Herri osoan, asko ugaritu dira musika jaialdiak. Iratxe Delgadok «festibal komertzial» bezala definitzen ditu «kutsu progresista» bat ere izan dezaketeenak, baina Gazte Topagunea beste gauza bat dela azpimarratzen du. Hasteko, «jaialdi politiko bat» dela dio non kontzertuez gain hitzaldiak, eztabaidak eta sorkuntza kultural ezberdinak elkartzen diren. Euskal Herriaren askatasunaren alde dagoen «komunitate» baten «bilgunea» dela azaltzen du.
Ildo horretan, Topagunera doan jendea ez direla «bezeroak» dio. Parte hartzaileak direla azpimarratzen du eta gogora ekartzen du auzolanean oinarritzen dela antolakuntza. Horren baitan, ehunka bolondresak eta mota ezberdinetako txandak egiteko prest joaten diren gazteak.
Beste motatako jaialdi edo festibalekin alderatuta «balore» zehatz batzutan oinarritzen dela Topagunea azaltzen du. Elikadura burujabetza eta eraso sexistak ekiditzeko protokoloa aipatzen ditu adibide gisa.
Elikadurari buruz, komentatzen duenez Labore Bilboren bidez eskualdeko nekazari gazteekin eta Euskal Herriko produktoreekin antolatzen ari dira txosna eta jateko tokietan eskainiko duten janaria.
Eraso sexiten inguruan berriz, Delgadok azaltzen du prokoloaz gain saio bat antolatzen ari direla dio tresnak eta baliabideak izateko, pedagogiaren bidez, jendeak jakiteko nola aurre egin behar eraso bat gertatzen bada.