INFO

#AltsasukoakAske, sareak ere busti ditu elkartasunak

Une hunkigarriak bizi izan ziren atzo gainezka egin zuen Sakanako herrian eta sare sozialak memento horien ispilu izan dira. Altsasuko Gurasoek hunkituta eskertu dute herritar ezagun eta ezezagunen parte hartzea. 

Altsasuko sarreraren irudia manifestazioa abiatu baino lehen. (Jon URBE / FOKU)

Altsasu txiki geratu zen atzo eta elkartasunak gainezka egin zuen bere karrika eta plazetan. Altsasuko gazteei babesa adieraztera joandakoek manifestazioaren ibilbidetik kanpo zeuden kaleak ere bete zituzten. Auzitegi Nazional espainolak orain bi aste 13 urte arteko espetxe zigorrak berresteko hartu zuen erabakia salatzera bertaratu ziren dozenaka mila herritar, auzipetutako gazteei, haien gurasoei eta Altsasuko herriari elkartasuna erakutsiz.

Altsasu Gurasoak plataformak antolatu zuen mobilizazioa eta biziki hunkituak agertu ziren ibilbide osoan zehar. Altsasura bertaratutako lagun guztiei eskerrak eman eta eman aritu ziren bai ekitaldian, eta baita ondoren ere, sare sozialak medio.

 

Altsasuko herria inguratzen duten errepideetan autoilara luzeak sortu ziren goizeko 10.30tatik aurrera, autoetan eta autobusetan iritsi ezinik gelditu ziren herritarrei ere mezua helarazi nahi izan diete Altsasuko gazte auziperatuen senideek.

Une hunkigarriak bizi izan ziren atzo Sakanako herrian. Haietako bat manifestazioa ibiltzen hasi orduko gertatu zen, Altsasuko gazte auziperatuen gurasoak ibiltzen hastearekin batera txalo zaparradaren oihartzuna herrian barrena zabaldu zen. Ibilbide osoan zehar izan ziren txalotuak senideak.

Manifestazioaren amaieran ‘Aurrera Altsasu’ abestia aho batez abestu zuen Sakanako herriak. Asko izan ziren unearekin hunkitu zirenak.

Sareetan ere elkartasun uholdea nabaritu zen eta #AltsasukoakAske traola nabarmen erabili zen egun osoan zehar.

Txiolarien artean aurpegi ezagunak aurkitu ditugu, hala nola Osasuna taldeko Endika Irigoien jokalaria, Athleticeko Mikel San Jose, Joseba Azkarraga edo Zuriñe Hidalgo abeslaria, adibidez.

Atzokoan elkartasuna adierazi zietenen artean ere, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia dago.

Puigdemonten hitzek beste hainbaten isiluneak agerian jarri dituela iritzio zion EH Bilduko parlmentari Maddalen Iriartek.

Komunikabide espainoletan manifestazioak izandako oihartzun eskasa salatu dute beste askok. Twittereko @miquinta1 erabiltzaileak karaktere gutxi behar izan ditu alderaketa ikusgarriak mahaigaineratzeko. Riverak Altsasun egindako ekitaldia, Casadok Indarekin batera Koxka Tabernan egindako elkarrizketa eta atzoko manifestalldia ditu hizpide ia hamar mila like eskuratu dituen txio honek.

Eneko Lazkoz bertsolariak ere gogoan izan zituen Altsasuko gazteak larunbatean, mobilizazioaren bezperan, jokatu zen Nafarroako bertsolari txapelketako finalean. Bukaerako agurrak zeresana eman du sare sozialetan ere.

Italian ere oihartzuna izan du mobilizazioak, izan ere Askapenak zabaldutako txio honen arabera bertan ere batu ziren Altsasuko herriarekin elkartasunez.