INFO

EH Bai: «Hirigune Elkargoa lehen urratsa besterik ez da baina orain arte eginiko bidea izugarria da»

2020an udal hautetsiak aukeratzearekin batera Euskal Hirigune Elkargoaren ordezkariak hautatuko dituzte lehen aldiz Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herritarrek. Hitzordu hori prestatzeko biltzarra egin zuen Euskal Herria Baik, joan zen asteburuan, Lekornen.

Letizia Navarron eta Anita Lopepe, EHBaiko ordezkariak. (@Guillaume FAUVEAU)

Hamarnaka lagun elkartu ziren Euskal Herria Baik heldu den urteko herri bozetara begira dituen helburu nagusiak zehazteko deituriko bilkuran. Letizia Navarronek eta Anita Lopepek hartu zuten hitza bilkuraren osteko agerraldian. Biek ala biek nabarmendu zutenez, duela sei urte, aurreko herri hauteskunde kari, EH Baik hobetsi zuen xedea egia bilakatzeko bidean da.

«Agintaldiaren lehen bi urteetan adostasun zabala izan zen Lurralde Kolektibitatearen proiektuaren alde eta, finean, 2017an, gure lurraldeko eragileek pausu bat aitzina egin zuten Euskal Elkargoa sortuz», azaldu zuten, «hautsi-mautsi horri esker gaur egun ipar Euskal Herria instituzionalki existitzen dela» txalotuz.

EH Bairen ustez, Iparraldeko herriko hautetsi gehiengo zabal batek bozkatu zuen Euskal Hirigune Elkargoak «paisaia instituzionala arrunt aldatu du».

Erabaki garrantzitsuak

Bere ordezkariek balorean eman zutenez «Hirigune Elkargoa lehen urratsa besterik ez da baina orain arte egin bidea izugarria da». Bi urteko trantsizioa bururatu ondoren, 2019. urtean zehar erabaki garrantzitsuak hartuko ditu Iparraldeko egiturak.

Hartara, eskuduntzen mapa zehaztu ondoren, hilabete honetan bertan lurralde eskema eta horren buxeta bozkatzeko tenorea helduko da.

«Orain zezena adarretatik hartzeko tenorea da, frogatua baita tokian toki eramaten diren ekintzek ere erantzun konkretuak ekartzen dituztela eta Ipar Euskal Herrian tresna anitz dugu, tokiko kolektibitateekin batera garatu behar direnak, besteak beste, transizio ekologikoan buru belarri sartzeko eta bestelako ekonomia eredua asmatzeko», azaldu zuen EH Baik.

Herriz herri eta eskualdez eskualde programa eta zerrendak osatzeko prozedura abian jartzearekin batera, «EH Baik eramaten duen alternatiba bai herrietan bai Euskal Elkargoan garatzeko asmoa» agerian uzteko balio izan zuen Lekornen eginiko topaketak.