INFO

NAIZ Irratiaren emankizun bereziak, Garestik Gasteiza Korrika zuzenean jarraitzeko

Urrats berri bat emango du NAIZ Irratiak bere sortze prozesuan Korrikaren harira. Garestik Gasteiza, egunero FMz eta internetez zuzenean jarraitu ahalko diren saioak egingo ditu. NAIZ eta GARAren lan taldeak euskararen aldeko klika helburu duen ekimena jarraitzeko egingo duen indar bereziaren parte da eskaintza.

Korrika 21en iragarpena Landan (Araba)

Garestik hasi eta Gasteiza iritsi bitartean, apirilaren 4tik 14ra, egunero ordubete eta bi ordu arteko saioak eskainiko ditu NAIZ Irratiak. Bere sortze prozesuan urrats berri bat emanda, zuzenean FMz eta internetez entzun ahalko dira emankizun hauek.

Ostegunean 15.30ean ekingo dio programazio berezi honi Garestik. Korrikaren hasiera nola prestatu duten eta herrian nola bizi duten adierazten duten testigantzek emango diote abiapuntua saioari, hasiera ekitaldia zuzenean jarraitu ahalko da eta Korrikaren abiatzearekin amaituko da lehen emanaldia.

Hortik aurrera Korrikaren pausoaren arrastoari segika egunero egingo ditu NAIZ Irratiak saio bereziak. Apriilaren 5ean Tafallatik (16.30ean hasita), 6an Iruñetik (15.30), 7an Baionatik (17.00), 8an Leitzatik (17.30), 9an Aguraindik (7.30), 10ean Portugaletetik (22.00), 11n Bilbotik (14.00), 12an Donostiatik (16.30), 13an Durangotik (18.00) eta hilaren 14an amaieraren berri emateko emankizun bereziarekin Gasteiztik.

Bere sortze prozesuan bigarren urrats esanguratsua izango da, beraz, NAIZ Irratiak egingo duena, martxoaren 8rako ekoitzitako lanen ostean. Urte hasieratik proba emisioetan ari den frekuentzietan ere entzun ahalko da Korrikaren jarraipen berezia. Dagoeneko martxan diren antenetan (Bilbo Handia: 92.2, Urola: 91.8, Goierri: 102.2, Donostialdea: 93.8), Leitza inguruan ere entzun ahalko da (95.1) eta berehala martxan jarriko diren Durangaldeko (97.4) eta Gasteizko (91.5) antenen bidez ere bai. Gainera, irrati berriak internet bidezko emisioa ere abiarazi berri du.  

NAIZ eta GARAn Korrikaren informazio guztia

Irratiaren emankizuna NAIZ eta GARAk Korrikaren jarraipena egiteko egingo duten indar bereziaren parte da. Ostegunean euskararen aldeko klika bilatzen duen ekimenaren inguruko informazio guztia jasotzen duen 16 orrialdeko gehigarri berezia eskuratu ahalko da GARArekin.

Irratiko emanaldietan eta NAIZ eta GARAn jasoko diren kroniketan erredakzio osoaren inplikazioa bilatu da, lekukoak aurrera egin ahala begirada ezberdinak batzeko Korrikaren kontakizunera. Kolaborazio bereziak ere izango dira egunero, euskararen ikasketa prozesua lehen pertsonan kontatuko dutenak, tokian tokiko egoera aztertuko dutenak, Korrikak sortzen duen emozio samalda adierazten saiatuko direnak.

Hamaika Telebistan Korrika osorik

Hamaika Telebistak ere jarraipen berezia egingo du. Hainbat euskal hedabiderekin elkarlanean Korrikaren hasiera eta amaierako programa bereziak eskainiko ditu eta egunero ekimenak eman duenaren inguruko programazio berezia eskainiko du 21.00etatik aurrera. Gainera, Korrika hiriburuetatik igarotzean zuzenean ikusi ahalko da Hamaika Telebistan eta webgunean kilometroz kilometro Korrikaren ibilbide osoa jasoko dute, norberak bere burua topatzeko aukera paregabea eskainiz.