INFO

Rotten XIII Topagunean arituko da, denbora batean azkenekoz, kide baten heriotzaren ostean

Urtarrilean zendu zen Martzillan, lan istripu batean, Javi Fernandez ‘Maraño’, Rotten XIII musika taldeko baxu-jolea. Gaur iragarri dutenez, Gazte Topagunean arituko dira apirilaren 21ean. «Ziklo berriaren lehen pausoa, kontzertu benetan berezia, denbora batean emango dugun bakarra».


Rotten XIII talde nafarra Lemoako Gazte Topagunean izanen da apirilaren 21ean, gaur iragarri dutenez. Urtarrilean taldekidea zen Javi Fernandez ‘Maraño’ zendu zen Martzillan, lan istripu batean. «Bizitzak eman digun kolpe handiena irenstea zaila izan da, hala nola hurrengo pausoak zeintzuk izango ziren zehaztea. Gaurkoan mugarri bat jarri nahi dugu gure lehen garaia izan dena eta aurretik datorkigunaren artean, aro berri baten hasiera talde bezala», azaldu dute ohar baten bidez.

Era berean, lerro hauen gainean dagoen abestia kaleratu dute, ‘Eguzkiaren argia’, taldekide zutenarekin konposatutako azkena. «Hortxe bota zuen bere azken hatsa. Guretzat prozesua borobiltzeko modurik hoberena da, eta berarentzat ziurrenik ere bai. Doakiola ba bere memoriari», azpimarratu dute.

Gazte Topaguneko kontzertuarekin, «ziklo berriaren lehen pausoa» emanen dute. «Kontzertu benetan berezia, denbora batean emango dugun bakarra», gaineratu dute.

Azkenik, jasotako babesa eskertu nahi izan dute. «Mila esker jaso dugun babes eta elkartasun olatu ikaragarriarengatik, ezingo dugu inoiz dena eskertu. Zure indarrarekin, bizitzari helduko diogu gogoz, ez zara inoiz hilko Javi!»