INFO

Binakako txapeldunak lerro berean egokitu dira botilerorik gabeko Buruz Burukoan

Rezustak bere kanporaketa aurrera aterako balu, Elezkano izango luke arerio final laurdenetan hilaren 19an Bastidan Artola eta Arteagak irekiko duten txapelketan.

Parte hartuko duten pilotari guztiak elkartu dira Bilbon (Aritz LOIOLA/FOKU)

Igandera arte bikote izan diren Danel Elezkano eta Beñat Rezustak elkarren aurka jokatu beharko dute final laurdenetan, baldin eta Bergarakoak bere kanporaketan aurrera egitea lortzen badu. Horixe izan da Bilboko Guggenheim museoan aurkeztu berri den Buruz Buruko txapelketaren zozketak utzitako bitxikerietako bat. Biak B multzoan egokitu dira Luciano Juaristi, Atano X.a, eta Iñaki Gorostiza aitabitxi izan dituen zozketaren ondoren.

Espero zen bezala, Aimar Olaizola ez da halako txapelketa batek eskatzen duen mailan egongo jokatzea tokatuko litzaiokeen garaian, nahiz eta, Baikotik esan dutenez, ordurako kantxetara bueltan egon daitekeen. Hala, Mikel Urrutikoetxeak, iaz final laurdenetako galtzaileen artean tantorik gehien egin zituen pilotariak, hartu du bere zerrendaburu postua eta final laurdenetan ekingo dio txapelketari, Altuna III.a, Elezkano II.a eta Ezkurdiarekin batera.

Zozketaz aparte, aurkezpenean jakitera eman dutenez, aurtengo txapelketan botileroen figura erabat kenduko dute, eta enpresa desberdinen arteko lehiatan ere ez dute aholkularirik izango pilotariek. Esplikatu dutenez, iazko Lau eta Erdikoan zenbait gaizki ulertze sortu ziren figura honen inguruan eta batere gabeko partidetan ondo moldatu zirenez, aurten txapelketa osoan hala jarraitzea hobetsi dute.

Beste berritasuna epaileen ingurukoa izango da, asteburu honetatik aurrera EPEL-ek bere epaile propioak erabiliko baitu partidak zuzentzeko, federazioekin zuten hitzarmena amaituta. Borja Osesek esan duenez, momentuz badute partida hauek zuzentzeko epaile nahikorik, gizon eta emakume eta ez omen da kopuru zehatz bat izango; beharren arabera handitu edo txikitu ahal izango duten multzo bat izango da epaileena.

Txapelketa, berez, apirilaren 19an Bastidan hasiko den arren, Artola eta Arteagaren arteko lehiarekin, enpresa bakoitzak aurre kanporaketa bat prestatu du aste bukaera honetarako. Asier Agirre eta Peña II.a Labriten ariko dira elkarren aurka Baikotik eta Peio Etxeberria eta Zabala Logroñon Aspetik. Gainera, zozketak hala nahi izan du eta bi kanporaketa hauetako irabazleek elkarren aurka jokatu beharko dute Logroñon, hilaren 21ean.

Finala ekainaren 2rako dago iragarria, Bilboko Bizkaia pilotalekuan.

Zozketa

A adarra
Bakaikoa/Victor—>Irribarria—>Altuna

B adarra
Baiko Prebia/Aspe Prebia—>Rezusta—>Elezkano II.a

C adarra
Retegi Bi / Laso—>Bengoetxea VI—>Urrutikoetxea

D adarra
Artola / Arteaga—>Jaka—>Ezkurdia