INFO

Korrikaren hamar une zoro zoragarri

Gares eta Gasteiz arteko bidearen erdia egin du dagoeneko Korrikak. Sei egun hauetan gau eta egun, etengabean, mendi puntan edo errepide galduetan, beti dago nor edo nor gure hizkuntzaren alde korrika. Hemen 21. edizio honek utzitako une berezienak.

Korrikaren lehen sei egunetan lasterketak utzitako irudiak.

Joan den ostegunean abiatu zen Korrika. Garesen egin zituen lehen metroak, giro paregabean. Ordutik,  etengabean, atsedenik gabe, gure hizkuntzaren aldeko lasterketak ez du etenik.

Udaberrian gauden arren, elurra ere izan da aurtengo Korrikan. Zaraitzu eta Aezkoa inguruan elurretan joan zen Korrika, baina han ere izan ziren lekukoa eramateko prest zenbait zoro zoragarri.

Gauez eta euria goian behean zela iritsi zen Korrika Luzaidera, haatik eguraldi txarrari aurpegi ona jarriz, lekukoa eskutan eta bolant-dantza dantzatuz egin zituzten hainbat metro Luzaideko herritarrek. Iurre Bidegain kazetariak zabaldutako bideoak ehunka atsegite eskuratu ditu.

Ibañeta kaskoa elurpean gainditu ondotik, Korrikak Arnegi pasa eta Donibane Garazi ziztu bizian zeharkatu zuen. Larzabaleko bidean, baina, EHZ festibaleko suzko zezena izan zuen bidelagun.

Ipar Euskal Herria zeharkatuta, harrera ederra izan zuen Korrikak Bidasoa ibaia gurutzatzearekin batera. Igande gauean Gipuzkoan salto bat egin, eta Nafarroatik igaroz, berriz ere itzuli zen Ipar Euskal Herrira. Irunen, baina, zukua atera zioten Korrikari.

Gauez igaro da Korrika Sakanaren bihotzetik. Korrikalarien bihotzean, aldiz, Zaballan preso dituzten herriko semeak zeuden eta une hunkigarriena euren gurasoek lekukoa hartu dutenean gertatu da.

Ozeaniara ere heldu da euskararen aldeko lasterketa. Kanakiar hizkuntzen alde lanean ari diren elkarteekin batera antolatu dute Korrika Kaledonia Berrian. Arineketan ibili ostean, hip hop eta Euskal Herriko eta bertako datza tradizional nahasiz ikustaldi aparta eskaini zuten.

Txinako Harresira ere heldu da lasterketaren oihartzuna. Zenbait ezpeletarrek eraman dute haraino, bertako eta turisten harridurarako.

Korrikak ez du adinik. Jaioberriak ere ikusi ditugu euskararen aldeko lasterketan, gurasoen altzoan. Haatik, adinean gora, bere enegarren Korrika ilusioz bizi duen amona harrapatu zuen Izar Mendiguren kazetariak Tafallako karriketan. Ezagutzen dutenek ‘Nabarrika’ deitzen diote emakume borrokalari honi eta arnasestuka amaitu ez bazuen, euskararen aldeko lasterketa irrintzi batekin agurtu zuela jakin badakite.

Korrika baina, ez da beti irrintzi eta zalaparta. Batzuetan isilik eta lasai ere joaten da. Hala ibili da Agurain inguruan, lekukoa Aratzen eskuetan zegoenean.