INFO

Gaur ere maldatxo batean aurkituko du helmuga tropelak, Estibalizen

Sarrigurenetik abiatuta, Estibalizeko santutegian aurkituko du helmuga tropelak. Azken bi kilometroetan %4ko penditza izango dute. Ez da aukera txarra Julian Alaphilippek bigarren garaipena eskuratzeko, baina gaur aurkari gehiago izan ditzake. Ez da ihesaldi batentzako aukera txarra ere.

Atzoko lurbiderik gabe, tentsio gutxiago beharko luke gaurko etapak. (Iñigo URIZ / FOKU)

Arabara iritsiko da gaur Euskal Herriko Itzulia, aurtengo edizioko etapa luzeenaren ostean. 184,8 kilometroren bitartez lotuko dituzte Sarriguren eta Estibalizeko santutegia. Lasterketa Eguesibarren hasiko da 12:18ean eta helmuga 17:16 eta 17:45 bitartean harrapatzea aurreikusten da.

Bidean Goñi (2. mailakoa) eta Opakua (3. mailakoa) mendateak gainditu beharko dituzte txirrindulariek. Atzoko ibilbideak ezkutatzen zituen tranparik gabe, gaur egun lasaiagoa espero da, batez ere sailkapeneko gizonentzako. Ihesaldiren bat eta dauden esprinter apurren taldeen arteko lehia ikusteko aproposa.

Izan ere, gaurkoan ere azken metroak aldapa gora izango dituzte. Azken bi kilometroetan %4ko penditza izango dute. Ez da aukera txarra Julian Alaphilippek bigarren garaipena eskuratzeko, baina gaurko gizon azkar gehiago izan ditzake gertu: Hala nola, Enrique Sanz, Jon Aberasturi, Jay McCarthy, Patrick Bevin, Enrico Battaglin, Michal Kwiatkowski edo Grega Bole.

Sailkapenerako ez da aldaketa handirik espero.