INFO

PSEk bat egin al du Gure Esku Dagoren bazkidetza kanpainarekin?

«Egizu Posible» da PSOEk hauteskunde espainoletarako aukeratutako leloaren euskal bertsioa, Gure Esku Dagok indarrean duen bazkidetza kanpainarako duen lelo berbera.

Idoia Mendia. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Zeresana eman du PSOEk gaur abiatu eta datorren apirilaren 28an amaituko den hauteskunde espainoletarako aukeratutako leloak. «Haz que pase» da okasiorako erabakitako mezua eta Titanic itsasontziaren urperatzean oinarritutako filmean du oinarri. Gobernu espainoleko bozeramaile eta Hezkuntza ministra den Isabel Celaák eman zuen jakitera detaile hori, eta bere garaian NAIZen jaso genuen moduan, sareetan irri eta eztabaida ugari eragin zuen leloak.

PSEk kanpainaren abiatzearekin batera euskarara itzuli du leloa eta «Egizu Posible» da bere euskal bertsioa. Nabari denez, ez dio kasu gehiegirik egin Mario Zubiagari eta Gure Esku Dagok indarrean duen bazkidetza kanpainarako duen lelo berbera hautatu du PSEK.

Erabakitzen eskubidearen aldeko herri mugimenduak umorez hartu du kointzidentzia eta «nork bere alea jarrita erabakitze eskubidea gauzatzea posible» egingo dela nabarmendu du.

«Egizu posible» lelopean jarri berri du martxan Gure Esku Dagok bazkidetza kanpaina. Erronka berriei indartsu heltzeko gakoa izan nahi du kanpainak, eta, era berean, erabakitzeko eskubidea legeztatzea izango du helburu nagusia etapa berriak. Bide honetan baina, Euskal Herriko eragile sozial eta politikoei egitasmoa elkarrekin garatzeko gonbidapena egin dute erabakitze eskubidearen aldeko herri mugimenduko bozeramaile berri diren Josu Etxaburu eta Amalur Alvarezek.